"Amiano" eta "Mugi Mugi Tolosa" garaile inauterietan

Erredakzioa 2026ko martxoaren 13a

2026ko inauterietako karrozen eta konpartsen ikuskizunak aztertu eta gero, lehiaketako saridunen zerrendaren berri eman du gaur Udalak. Karrozen kasuan, hiru onenak izendatu dira, eta datorren urtera begira lekua hautatatzeko aukera izango dute.

Lehenengo postuan, "Amiano" karroza gelditu da: Tolosako denda historiko batean oinarrituta, irudimenez jositako ikuskizuna eskaini dute, jostailu zahar eta berriekin. Erakutsi dute parodia bat omenaldi ederrena izan daitekeela. 

Bigarren onena, "Topic" karroza izan da: Louvreko lapurreta irudimen askorekin Tolosara ekarri dute, eta hain tolosarrak diren txotxongiloak mozorroetan integratu dituzte Gaurkotasun osoa duen gai baten interpretazioa egitea erabat bat dator inauterien nortasunarekin. 

Podiuma osatu duena "ETB" karroza izan da: Mozorro oso anitzak erakusteko (pilotariak, ikusleak, harri-jasotzaileak, sorginak, sukaldariak...) modu originala erabili dute. ETBren programazioa baliatuta, nostalgia modu dibertigarrian baliatu dute.

Konpartsei dagokionez; "Mugi-Mugi Toloxa" izan da irabazlea. Mugi Tolosa egitasmoa parodiatu du konpartsa honek. Hainbat belaunalditako parte hartzaileak izan dituzte eta, umorea erabilita, kirola egiten jarri dituzte herritarrak.

Bestalde, martxoaren 16an amaituko da 2026an karroza edo konpartsa gisa izena eman zuten taldeek dirulaguntzaren eskaera egiteko epea. Erregistro elektroniko bidez egin daiteke eskaera: https://udal.egoitza.gipuzkoa.eus/WAS/AYTO/USCServicioCiudadanoVer15WEB/home.do?De=EU071127417, baita aurrez aurre Udaten ere. Deialdia eta oinarriak, dokumentu honetan daude: https://udala.tolosa.eus/sites/default/files/Oinarria%20behinbe.pdf.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA