Arrakastak eta berrikuntza positiboak
Balorazioan hainbat puntu indartsu nabarmendu dira:
- Isabelita Gunea: Alondegi plazako karpa familientzako topagune gisa egonkortu da, programazio arrakastatsuarekin (pailazoak, dantzaldiak...).
- Aldaketa logistikoak: Igandean txarangen jaitsiera Nafarroa etorbidetik egitea erabaki egokia izan dela ondorioztatu dute bai Udalak, baita txarangen ordezkariek.
- Inklusibitatea: Janus Lesterren kontzertuan mugikortasun urriko pertsonentzat jarritako plataformak harrera oso ona izan du.
- Karrozak: Elkarlan ona egon da Udalaren eta elkartearen artean, segurtasuna eta antolakuntza hobetuz.
Erronkak eta hobetu beharrekoak
Jaiak orokorrean onak izan badira ere, badaude kezkaz jaso diren hainbat kontu:
- Nerabeen plataformak: Udalak oso gogor hitz egin du gai honen inguruan. Bolumena mugatzeko gailuak jarri baziren ere, talde askok manipulatu edo puskatu egin dituzte. Gainera, Ferialekuan eta San Esteban auzoan izandako jarrera desegokiek auzo-elkartearen haserrea piztu dute. Udalak neurri zorrotzagoak aztertuko ditu nerabeak festan modu egokian integratzeko.
- Zezen-plaza eta sarrerak: Igandean une kritikoak bizi izan ziren: jende multzo bat sarrerarik gabe sartu zen indarrez, eta aforoa bermatzeko ateak itxi behar izan ziren, gonbidapena zuten batzuk kanpoan utziz. Sarrera faltsuak ere atzeman dira.
- Hondakinak eta bandalismoa
- Zaborra: 100.000 kiloko langa gainditu da (iaz baino 14.000 kilo gehiago). Kezka iturri da zaborraren igoera etengabea.
- Komunak: Udalak komunetan izandako bandalismo gogorra salatu du (ateak bota, petardoak hoditerian, ispiluak puskatu...). Kalte hauen ondorioz, zerbitzua ematea ezinezkoa izan da une askotan.
Segurtasuna
Udaltzaingoaren arabera, lapurretak nabarmen jaitsi dira. Hala ere, Zaldunita gauean tren eta autobus geltokietan egondako pilaketek arrisku egoerak sortu zituzten, eta hurrengo urterako kanpo laguntza gehiago eskatzea baloratuko da.