Tolosako Iñauteriak 2024

Aiz-Orratz/Veleta elkarteak botako du Ostegun Gizeneko txupinazoa

Erredakzioa 2024ko urt. 19a, 10:17

Tolosa Inauteriei begira da jada. Ostegun arratsaldean eman da ezagutara Ostegun Gizeneko txupinazoa botako duen Kabi Alai Kuttuna.

Aiz-Orratz/Veleta elkartea izango da ardura hori izango duena, hala erabaki du aitortza hori egiten duen Kabi Alai elkarteak. Haur danborrada eta jaialdia antolatuta, haurrak Inauterien parte izan daitezen egiten duten lana eskertu eta txalotu nahi izan ditu horrela Kabi Alaik.

«Poz eta ilusio» handiz jaso dute errekonozimendua elkartean, hala adierazi dute Iker Galarza eta Ibane Imaz, elkarteko kideek. Eurak izan dira elkartearen ordezkariak, baina aitortza hori elkarte osoari egindakoa dela nabarmendu dute, jende askoren elkarlanaren emaitza baitira bai Haur Danborrada, baita Haur Jaialdia ere. Emozioz hitz egin dute: «Pertsona askok parte hartzen dute eta parte hartu dute hau guztia posible izan dadin. Ez dauden askorekin ere oroitu gara. Ostegun Gizena oso egun berezia da, eta elkarte modura ohorea da hainbeste maite ditugun Inauteriei hasiera ematea».

1962. urtetik hona, haurrak Inauterietan protagonista

60ko hamarkadaren hasierara arte haurrek ez zuten lekurik Inauterietan, ez baitzegoen beraiei zuzendutako ekitaldirik. Aiz-Orratz/Veletako Luis Collado zenak proposatu zuen haur danborrada egitea, eta elkarteko gainerako kideen laguntza izan zuen antolaketarako.

Lehen urteetan Astelenita egunez egiten zen, baina aisialdi taldeen parte hartzea handituz joan ahala, Zaldunita bezperara pasa zen. Hasieran, norberak finantzatu behar izaten zuen bere jantzia; eta aukera gutxiago zituzten Miserikordiako haurrek ere parte hartzen zuten desfilean, elkarteko bazkideen eta tolosar gehiagoren laguntzari esker.

Ordutik, asko eta asko izan dira modu batera ala bestera parte hartu duten tolosarrak. «Nolabait, inauterizale askoren hasiera» izan dela nabarmendu du Kabi Alai elkarteak. 1967an, gainera, Haur Jaialdia ere antolatzen hasi zen Aiz-Orratz/Veleta, eta urtez urte jende ugari biltzen du.

Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta omenaldiaren ondoren, Inauterien hasiera iragartzeko suziria botako dute, elkarteko bi kidek.

Erlazionatuak

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean