Kiroldegian gertatutako sexu erasoarena ez da izan Tolosako Udalak azken asteetan kudeatu duen kasu bakarra, sexu-erasoen aurkako protokoloa beste kasu baten ondorioz ere aktibatu da. Udalak joan den astean jakin zuen, Tolosa CF kirol klubeko entrenatzaile bat bere eginkizunetatik baztertu zutela zenbait jazarpen kasurekin ustezko lotura izateagatik. Jazarpenak, oro har, kirol jardunetatik kanpoko esparruetan gertatu dira, klubeko nahiz klubaz kanpoko emakumeekin.
Udalak adierazi duenez, azken egunetan, klubarekin harreman estuan izan dira, informazio osoa jaso eta ondorengo urratsak definitzeko.
"Kasu bakarra zirudien arren, testigantza gehiagoren berri izan du klubak. Horregatik, beste inork ere laguntzarik beharko balu, udaleko Gizarte Zerbitzuetara edo Andragora Emakumeen Etxera jotzeko aukera du aholkularitza eta laguntza juridiko eta psikologiko eske", azaldu du Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak.
Era berean, Gizarte Zerbitzuek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez, gisa honetako jarrerak izan dituzten gizonei zuzendutako programa bat eskaintzen dute, jokabide horiek tratatzeko helburuarekin. Kasu horietan, ordea, eurek bere borondatez eskatu behar dute laguntza hori udaleko Gizarte Zerbitzuetan.
Udalbatzak gisa honetako jarrerak gaitzetsi ditu
Tolosako Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin, jarrera hauek gaitzetsi ditu: "Gisa horretako jarrerak onargaitzak dira gizarteko esparru guztietan. Bereziki, botere-harremanak egon daitezkeen kasuetan. Kirol heziketan jarduten duen orok kode etiko bat bete behar du, baita kirol eremutik kanpo ere. Are gehiago adin txikikoen heziketaz ari garenean".
Gertatutakoa ikusita, Tolosako Udalak herriko kirol klubetako zuzendaritzak deituko ditu bilera batera, halako kasurik suertatuko balitz nola jokatu jakiteko jarraibide batzuk izan ditzaten. Era berean, kasu horietarako protokolo sakonago baten lanketa abiatuko du.
Tolosa CF-ren komunikatua
Kirol klubak ere erabat gaitzetsi ditu argitara eman diren gertakariak, eta pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzten jokabide guztiak arbuiatzen dituztela salatu dute. Berdintasunarekin, errespetuarekin eta bizikidetzarekin duten konpromezua berretsi nahi izan dute eta biktimei beraien babesa eta elkartasuna adeirazi.