Bart iluntzean bildu ziren herritarrak Tolosako Udalarekin batera Iñauterien inguruan hitz egiteko. Balorazioa ona izan den arren, datorren urtera begira hainbat proposamen atera dira festak hobetzearren, Udalak kontuan izango dituenak.
Era berean, aurtengo indarkeria gertakariak ere mahai gainean jarri dituzte: «Behar adina aldiz aldarrikatzen jarraituko dugu sexu erasoek ez dutela lekurik jaietan. Kargarekin gertatutakoa argitzeko eskatzen jarraituko dugu, baina jende kopurua ikusita, prozeduran aldaketa bat behar dela ere uste dugu. Hala ere, gertakari horiez gain, bada azpimarratu nahi dudan beste mezu bat: Tolosak beste behin erakutsi duela festaz lasai gozatu besterik ez duela nahi» adierazi du Andu Martinez de Rituerto Tolosako Alkateak.
Jarraian, puntu hauek izan dira hizketagai bileran:
1. Txarangei dagokienez, dantzaldien leku aldaketa positiboa izan da: belaunaldi ezberdinetako jende gehiago gerturatu da. Hala ere, inoiz baino jende gehiago pilautu da, zaldunitan batez ere. Horrek zaila egin du musikarientzat aurrera egin ahal izatea. Datorren urtera begira, oholtza handiagoa egitea pentsatu dute.
2. Zezen plaza, pilaketarik gabe: zozketa sistemaren egokitasuna azpimarratu du udalak. Izan ere, sarbideetan ez da ez pilaketarik ezta arrisku egoerarik ere gertatu. Gaztetxoen jarrera ona ere aipatu nahi izan du Udalak. Pattar Zezenak ere balorazio ona izan du. Hurrengo urteetarako errotazioa egitea proposatu dute sokamuturrari dagokionez.
3. Gazteentzako eskaintza gehiago landu behar da: egiteko bat da datorren urteetara begira gazteentzako ekintza gehiago aztertzea. Gainera, Udalak ondorioztatu du kontzertuak programatzea ordu eta egun zehatzetan, jende pilaketak sahiesten laguntzen duela.
4. Txosnagunea: Giro ona egon da, belaunaldi askotako jendea bildu da eta arauak ondo errespetatu dira. Hortaz aparte, bai arduradunek eta baita bizilagunek ere begi onez hartu dituzte ezarritako babes neurriak.
5. Karrozak: Udalak bere esku izan dituen baliabide hoberenak jarri dituen arren, oraindik badaude findu behar diren gauza, esaterako, karrozen kokalekua edota ordutegia, azken honek jasotzeko tarteari erreferentzia eginik. Bestetik, zarataren neurria gainditu ez duten arren, karroza batzuek txarangaren igoera eta jaitsiera errespetatu ez dituztela adierazi dute. Ikuskizunei dagokienez, asteartitakoa indartzea beharrezkoa dela ikusi dute.
6. Konpartsak: Konpartsa batzuen lana eta ikuskizuna txalotu ditu Udalak, hauek egin dituzten parodiengatik. Ordea, ferialekua erabili duten beste 15 konpartsa ingururekin "lanketa handia" dagoela deritzo Udalak. Izan ere, ordutegia errespetatu duten arren, bolumena gainditu egin dute eta ikuskizunen maila eskasa izan da. Edukiontziak ez dira erabili, eta alkohol kontsumoarekin arduratuta agertu da Udala, ondorioz, datorren urtera begira neurri gehiago jarriko dituzte honen kontsumoa kontrolatzeko.
7. Zezen suzkoaren harrera aparta: jende mordoa bertaratu zen. Ekitaldiak denbora gehiago hartzea aztertuko da datozen Iñauterietarako. Baita egun gehiagotan programatu daitekeen ere.
8. Garbiketa indartu, baina are hondakin gehiago: Iñauteriak igaro ahala, hondakin kopuruak gora egiten duela adierazi du Udalak. Iaz baino bost tona hondakin gehiago bildu da aurten, kopuru zehatza 54,5 izanik. Gainera, edukiontzi gehiago jarri den arren, asko ez dira erabili. Hala ere, aurten 129.000 litro ur gutxiago erabili dira. Bestetik, komun gehiago jarriko dituzte datorren urterako. Aipatzekoa da baita, Bellota eta Ferialekuko jarrera "guztiz desegokiak", pintaketak egin, kirol taldeen materiala apurtu eta lapurtu egin baitute. «Aztertuko dugu nola indartu eta hobetu, baina dudarik gabe jarrera aldaketa bat behar da guztion aldetik», azaldu du Martinez de Rituertok.
Tolosako Alkateak eskerrak eman nahi izan die garbiketan aritu diren 45 pertsonei. Lantalde honi esker, Tolosako kaleak goizeko lehen ordurako garbituta egon baitira.
9. Proposamen eta iritzi gehiago egiteko aukera: datorren urteko Iñauterien inguruko iritzi gehiago biltzeko asmoz, proposamenak egiteko aukera zabalduko du Udalak. Xehetasun gehiago emango dituzte egun hauetan zehar.