Iñauteriak kalean bizi diren festak dira eta Tolosako erdigunea jaien agertoki nagusi bilakatzen da. Hori dela eta, hainbat trafiko aldaketa egongo dira Iñauterietan. Horrekin batera, Iñauteriek inguruko herrietako jende asko erakartzen dutela kontuan hartuta, garraio publikoa ere indartu dute.
Jaiek irauten duten bitartean, erdigunea, besteak beste, Rondilla kalea, San Fratzisko, Zumalakarregi kalea, Nafarroa edota Foruen etorbidea trafikoarentzat itxita egongo dira. Ostegunetik larunbatera, itxierak puntualak izango dira, udaltzaingoek behar bezala seinaleztatutakoak, baina igandetik asteartera bitartean, hau da, otsailaren 11tik 13ra bitartean (biak barne) itxiera erabatekoa izango da. Garajea duten pertsonek soilik sartu ahal izango dute ibilgailuz itxita dauden guneetara, horretarako udaltzaingoak adierazitako eta zehaztutako orduetan.
Garraio publikoa indartuko da eta honek ere aldaketak izango ditu ordutegi eta ibilbidean, ostegunean hasita, goizeko 12:00etatik asteazkena bitarte (goizeko 10:00ak).
Lurraldebus
Lurraldebusari dagokionean, erdigunean egingo diren trafiko itxierak direla eta, herri kanpotik egingo ditu ibilbideak eta horrenbestez, Donostiarantz doazen autobusek, esaterako, Kondeaneko aldapan, Santa Klaran (Napar Zubiaren parean) eta Larramendin egingo dituzte geldiuneak. Beste norantzakoek ere, gauza bera egingo dute.
Horrez gain, otsailaren 8an, 10ean, 11n eta 12an gaueko autobus zerbitzua ere eskainiko du Lurraldebusek, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasuko norantzetan, hain zuzen.
Tolosaldea bus
Tolosaldea bus-eko linearen kasuan (Amezketa, Berastegi, Leaburu, Anoeta, Villabona, Asteasu…), Rondilla 34ko geltokia, Santa Klarara lekualdatuko da eta bertan egingo du geldiune bakarra.
Ibilbide luzeko autobusak
Ibilbide luzeko autobusentzat ere Rondilla 34ko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da, ostegunetik (goizeko 12:00ak) asteazkena bitarte (goizeko 10:00ak).
Hiribusa
Hiribusean ere aldaketak egongo dira. Ostegun Gizenean, goizeko 12:30etik ostiral meheko goizeko 09:30ak bitarte, Rondilla 34ko geltokia Santa Klarara lekualdatuko da eta ez ditu geldiuneak egingo ez Rondillan, ezta San Frantziskon ere.
Ostiralean, goizeko 10:00etatik larunbateko 12:00ak bitarte, ohiko ibilbidea egingo du eta ordu horretatik aurrera eguneko zerbitzua amaitu bitartean, ibilbidea, herria inguratuz egingo du: Santa Klara - Kondeaneko aldapa - Iurreamendiko errotonda - Kiroldegia - Amarotz
Igandean zerbitzua 10:30-14:30 eta 16:00-22:00 bitartean eskainiko da eta astelehen eta asteartean goizeko 7:20-14:30 eta 16:00etatik 22:00etara, hiru egunetan, herrigunea inguratuz: Santa Klara - Zubi Berria - Usabal - Amarotz - Kondeaneko aldapa…
Otsailaren 14an, asteazkena, 10:00etatik aurrera, ohiko ordutegi eta ibilbidea berreskuratuko ditu.
Edozein kasutan, udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko ditu markesina guztietan.
Tren zerbitzuak
Kasu honetan, tren zerbitzua ere indartu egingo da eta igandetik asteartera bitartean, ordutegian aldaketak egongo dira eta gaueko tren zerbitzu berezia ere eskainiko da.