Tolosako IƱauteriak 2024

"Neurriok ez doaz karrozen aurka, kontrakoa baizik"

Maider Navarro Alustiza 2024ko ots. 6a, 18:36

Iñauterietako Karroza Batzordeak egindako adierazpenenen harira Tolosako Udalak zenbait puntu argitu nahi izan ditu

Karrozen kokaleku eta gainerako jarraibideen harira argitaratu diren mezu batzuk egokiak ez direla adieraziz, Tolosako udalak zenbait puntu argitu nahi izan ditu, beti ere, karrozen elkarteko kideek desadostasuna adierazteko eskubide osoa dutela azpimarratuz.

Bellota pabiloia

Karrozen elkartearekin lehen bilera uztailaren 3an egin zuela adierazi du udal gobernuak, kargua hartu eta bi asteetara. Premiazkoa zen gai baten harira egin zutela adieraziz: Bellota pabiloiaren jabe berriek alokairuarekin ez jarraitzeko erabakia zela eta, leku berria topatzeko beharra.

Duela bi urte arte eraikinaren jabea izan den enpresak, ordea, pabiloia beste enpresa bati saldu zion eta 2023ko urrian amaitzen zen kontratua ez zuela berrituko adierazi zuen. Irailaren 3an, berriz, jabe berriekin alokairua beste urtebetez luzatzea adostu zuten udal ordezkariek eta aurtengo urrian amaituko da akordio hori. Bilaketek ez dutela fruiturik eman jakinarazi dute, eta gaur gaurkoz, ez dagoela karrozak gorde ahal izateko baldintzak betetzen dituen pabiloirik alokagai Tolosa eta inguruetan; hala ere, bilaketa horrekin jarraitzen dutela gehitu dute.

Karrozen irteera eta garraioa

Karrozak atera ahal izateko trafiko eskakizunak ez dituztela betetzen adierazi du Tolosako Udalak. Hau lortzeko, udaltzaingoak, karrozak garabien bidez garraiatzea izan da proposatutako ideia, udaltzainek gidatutako konboi berezietan. Istripuak saihestu eta arriskua murrizteko izango lukeeteela karrozek garabien laguntza adierazi du udalak.

Lana egiteaz arduratuko diren profesionalekin txandak, ordutegiak eta ibilbideak zehaztu direla ere jakinarazi dute: bi konboi edo multzotan egingo dute ibilbidea, batzuk 09:00etan eta beste batzuk 10:00etan, 11:00etarako guztiak prest egon daitezen. Modu berean egingo da itzulerako bidea, Rondilla kalean izango diren bi karrozek izan ezik. Autopropultsatuak izanik, Jon Andoni Irazusta bialetik aterako dira, udaltzainek lagunduta, eta gainerako karrozak baino lehenago.

Asegurua

Legeztatzeko eta balizko istripuren baten aurrean babes gehiago izateko bidea eraiki nahiean, bigarren neurri garrantzitsu bat hartu du Udalak: erantzukizun zibileko asegurua izatearena.

Herri askotan egiten dela hau jakinarazi dute; eta Tolosako Inauterietan bertan ere badirela adibide gehiago: kaldereroetako edota Aisialdi Taldeetako karrozak esaterako. Eragile gehiagori, besteak beste txosnaguneari, ere eskatu zaie aurten asegurua.

Aseguru hori, gainera, udal teknikariek bilatu eta hitzartu dute adierazi dute.

Kokalekuak: Rondilla kalea

Adierazi dutenez, udaltzaingoak urteak daramatza Rondilla kalean irizpide horiek betetzen ez direla azalduz. Batetik, jende pilaketak izaten direlako, beste kale batzuk baino estuagoa delako eta larrialdi kasuetan, ibilgailuek ezingo luketeelako bertatik pasa.

Udal gobernuak, karrozen elkartearen eskakizunak aintzat hartuta, erdibideko aukera bat aztertzeko eskatu zuela jakinarazi dute, segurtasun irizpideen barruan ahal bezain beste karroza sartzeko eta Rondilla kaleko puntu estrategikoetan bi karroza kokatzeko aukera onartu zutela. 

Harremanaz eta teknikarien profesionaltasunaz

Udalak adierazi duenez, bilera ugari egin ditu karrozen elkarteko bozeramaileekin. Zinegotziak eta teknikariak egon izan direla bilera horietan eta ordura arteko urratsak eta hartutako erabaki hauen nondik norakoak azaldu direla bilera hauetan, eta ia inork ez zuen kontrako jarrerarik erakutsi. "Inauterien antolaketan udaleko sail askotako teknikariek parte hartzen dute, eragileekin egiten diren bilerez gain, barruko lan bilera, dei, mezu eta lan administratibo asko dago atzetik. Horregatik, ez dira inondik ere onargarriak udal langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen duten mezuak."

Karrozen etorkizunaz

Udalak gogoz adierazi du hartu diren neurriak ez direla karrozei aurre egiteko "Neurriok ez doaz karrozen aurka, kontrakoa baizik: epe luzera begira, modu egokian beren espazioa izan dezaten bermatu nahian hartutako neurriak dira. Tolosako Udalak oso presente du karrozek, beste eragile askok bezala, inauterietan duten garrantzia. Urteak dira karrozen elkartea sortu zela, eta urrats asko egin dira elkarlanean karrozen presentzia arautu eta bermatzeko. Udalak eskakizun eta proposamen ugari jaso izan ditu elkarteko kideen eskutik, eta horri ere dagokion balioa eman behar zaio. Bide horretan, azken urteetan egindako proposamen, esfortzu, lanketa, akats eta erabaki zuzenek, denek, balioko dute Tolosako Inauterien antolaketan hobetu eta pausoak aurrera emateko, den-denek izan dezaten lekua, denon Inauterietan."

Erlazionatuak

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean