Turismoa urte osora hedatzeko helburura gerturatzen ari da eskualdea

Maider Navarro Alustiza 2023ko ira. 6a, 09:00

Tolosaldeko nekazalturismo eta landetxeek azken hamarkadako okupazio daturik onenak izan dituzte

Azken urteotako joera jarraituz, ekainetik abuztura bitartean Tolosan izandako bisitarien zifrak gora egin du, 3897 bisitari izan dira, denera. Turismo sektorearentzat uda baikorra izan da datuen arabera, lotoki eta jatetxeentzat batez ere.

Tolosaldeko nekazalturismo eta landetxeek azken hamarkadako okupazio daturik hoberenak izan zituzten iaz, eta aurtengoak are hobeak izan dira; uztailean, batez besteko %62ko okupazioa izan da, eta %80koa abuztuan. Hotel eta pentsioek aurreko urteko okupazio tasa bera izan dute uztailean: %74koa, baina lehen seihilekoan, hilabetero hobetu dituzte okupazio tasak.

Turismoa urte osora hedatzeko helburura gerturatzen ari da

Okupazio tasak desestazionalizaziorako joera agertu du 2023an, ia hilabetero bisitarien hazkundea erregistratuz iazko datuekin alderatuta. Turismoa urte osora hedatzeko helburura gerturatzen ari da eskualdea, nahiz eta uztailean eta abuztuan eskuratu diren zifrarik altuenak.

Aurreko urtearekin alderatuta, bai bertako eta baita Espainiar Estatuko nahiz atzerriko bisitariek gora egin dute uztailean. Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak Kataluina eta Madrildik etorri badira ere, abuztuan, igoera nabarmena izan da Valentziatik etorri diren turisten kopuruan. Eskualdea bisitatzeko aukeraren inguruan galdetuta, aitortzen dute helmuga hautatu dutela klimatologiak erakarrita.

Burututako inkesten arabera, gainera, 5etik, 4,87koa izan da bisita gidatuen asebetetze maila

Uztailaren erdialdetik hasi eta abuztu bukaera bitartean, 238 parte hartzaile izan dira Tolosako Azoka, Alde Zaharra eta Andre Maria eliza ezagutzeko eskaini diren bisita gidatuetan. Bereziki uztailean nabaritu da parte-hartzaileen igoera. Burututako inkesten arabera, gainera, 5etik, 4,87koa izan da bisita gidatuen asebetetze maila.

Bertatik bertara egiten diren bisita horiez gain, ordea, beste hainbat lagunek (250) egin dituzte bisita gidatuak audiogidak erabiliz. Guztira, 1713 erreprodukzio izan dituzte.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean