Amaitu da San Esteban auzoaren garapenerako parte hartze prozesuaren lehen fasea

Maider Navarro Alustiza 2023ko mar. 29a, 13:49

Lehen fasean landutako gaiak eta herritarrek egindako ekarpenak txosten batean jaso dira eta txosten hori oinarri hartuta arkitektoek alternatibak egokituko dituzte

San Esteban auzoko eremuaren garapena egungo beharretara eta legedietara egokitzeko eta datozen urteetan auzoaren garapena egikaritzeko oinarriak finkatzeko, 2019an azterketa abiarazi zuen Tolosako Udalak, bideragarritasun ekonomikoa eta antolamendua oinarri hartuta.

Auzoak kontuan hartu beharreko errealitate oso ezberdinak ditu: erabilera industrialeko eraikinak, aparkalekuak, etxebizitzak eta erabilera desberdineko azpiegiturak besteak beste, eta horrek guztiak, beharrezkoa egin du azterketa sakona eta zehatza egitea. Horregatik, lehenik eta behin, informazio eta diagnosi dokumentua garatu dute eta ondoren, azterketa lan hori oinarri hartuta, txosten juridiko ekonomikoa prestatu dute, lehen alternatiben zirriborroak marraztu ahal izateko.

Auzoaren garapenerako aukerak herritarrekin partekatzeko partaidetza programa garatu du Udalak

Lanketa mardul hori amaitu ostean, auzoaren garapenerako aukerak herritarrekin partekatzeko partaidetza programa garatu du Udalak. Lehen faseko hiru saioak azken hilabeteotan gauzatu dira, San Esteban auzoaren hirigintza garapenerako aukera ezberdinak auzotarrekin partekatzeko helburuarekin. Saio hauetan diagnosi dokumentua partekatu da auzotarrekin, baita ingurumen ebaluazioa ere eta alternatiba ezberdinak garatzeko oinarri hartuko diren zehaztapenak ere azaldu dira. Parte hartze programak ezarritako ibilbide-orria jarraituz, lehen fasea amaituta da eta bigarren faseari ekingo dio Udalak.

Lehen fasean landutako gaiak eta herritarrek egindako ekarpenak txosten batean jaso dituzte eta txosten hori oinarri hartuta, aurrerakineko alternatiben dokumentua garatuko da, hau da, garapenerako alternatibak landuko ditu, udalak kontratatutako arkitekto taldeak.

Aurrerakineko alternatiben dokumentua datozen hilabeteetan prest egongo dela jakinarazi du Tolosako Udalak eta jendaurrean jarriko dela

Dokumentua bera azaltzeko tailerra egingo da, auzotarrek eta oro har, herritar guztiek iradokizunak egiteko aukera izan dezaten. Epe hori igarota, jasotako ekarpenak teknikoki aztertuko dira, eta azken itxiera saioa egingo da, behin betiko proposamen teknikoa azaltzeko.

Udalak jakinarazi du, helburua datorren legealdi hasierarako aurrerakin dokumentua prest izatea dela, azken urratsak egin eta behin betiko proposamena eskuartean izateko, etorkizun hurbilean egikaritu dadin auzoaren garapena.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean