Elbarrenako jaiak 2026

Udalak Elbarrenako festen balorazio positiboa egin du

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala

Elbarrenako festak igandean amaitu ziren, eta Udalak balorazio positiboa egin du aurtengo festen inguruan. Udaleko langileek eta Festa Batzordeko kideek nabarmendu dutenez, bost egunetako egitaraua aurreikusitako moduan gauzatu da, aldaketa handirik gabe, eta festak normaltasunez eta giro onean igaro dira. 

Ekitaldiek, oro har, parte-hartze handia izan dute, eta herritarren erantzuna positiboa izan da. Hala ere, zenbait gunetan ohi baino zikinkeria gehiago pilatu da egunotan. Horri aurre egiteko, Zizurkilgo Udalak garbiketa-enpresa bat kontratatu du, udal brigadaren lana indartzeko. Ohiko garbiketa-lanez gain, garbiketa sakona eta desinfekzio-lanak ere egin dira. 

Udalak bereziki eskertu nahi du Festa Batzordeak egindako lana. Izan ere, bost eguneko egitarau zabala antolatzeak urte osoko lana eta koordinazioa eskatzen du. Udalaren hitzetan, “herritik herriarentzat” egindako lan horri esker, adin eta gustu ezberdinetako herritarrentzako festak antolatu ahal izan dira. 
Era berean, aurtengo txupinazoa Plazida Otaño liburutegiari eskaini izana ere eskertu nahi du Zizurkilgo Udalak. Liburutegia herriko zerbitzu garrantzitsua da, eta herritarrek zein Festa Batzordeak haren garrantzia aitortu izana pozgarria da. 

“Sekulako harrotasuna da guretzat txupinazoa herriko liburutegiari eskaini izana. Beraz, eskerrik asko Festa Batzordeari, eta, noski, eskerrik beroenak liburutegiko langile eta komunitate osoari. Arantxari ere esker bereziak eman nahi dizkiogu. Txupinazoa liburutegiko komunitate osoa biltzeko baliatu zuen: sortzaileak, tertulietara gerturatzen diren herritarrak, ekintzetan parte hartzen duten haurrak… guztiak elkartu ziren, eta oso berezia izan zen”, nabarmendu du Maite Amenabar alkateak. 

Datorren urtean festa gehiago izango da, baina horretarako, urtero bezala, Festa Batzordearen lana eta antolakuntza beharrezkoa izango da. Horregatik, Udalak herritarrak animatu nahi ditu Festa Batzordean parte hartzera eta herritik herriarentzat egiten den festen antolakuntzan ekarpena egitera. 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA