Kuadrilla egunean gertatutako erasoen ostean, eraso matxistei aurre egiteko jarraibide zehatzak gogorarazi nahi izan dituzte, arreta telefonoak eta biktimari laguntzeko gakoak partekatuz.
"Jaiak errespetuz gozatu!" lelopean, eraso matxisten aurrean nola jokatu jakiteko gida eta protokoloa gogorarazi dute Anoetan, herritar orok tresna eraginkorrak izan ditzan edozein indarkeria kasuren aurrean babesa emateko.
Ezinbesteko baliabide gisa, 24 orduz aktibo dauden hiru telefono zenbaki nagusi partekatu dituzte herritarren eskura jartzeko:
- Eraso matxisten aurkako Anoetako batzordea: 688 60 16 79
- SATEVI (Euskadiko itunpeko zerbitzua): 900 84 01 11
- Larrialdiak: 112
Nola jokatu eraso baten aurrean?
Protokoloak hiru zutabe nagusi zehazten ditu herritarren jarrera aktiboa bultzatzeko:
- Ez izan konplize: Eraso baten aurrean jarrera irmorik ez izatea erasotzailearen alde jartzea da. "Gelditu erasoa" mezua argia da, baita erasotzailea taldeko ezaguna edo laguna denean ere.
- Biktimarengana hurbildu: Lasaitasuna mantenduz, laguntzeko prest gaudela adierazi behar zaio biktimari. Garrantzitsua da une oro ez epaitzea, kontatzen duena zalantzan ez jartzea eta konfiantzazko norbaiti deitu nahi dion galdetzea.
- Bere denbora eta erabakiak errespetatu: Biktimak salaketarik jarri nahi ez badu ere, bere erabakia babestu behar da. Presiorik gabe denbora eskaintzea eta laguntzeko prest gaudela gogoraraztea da bidea.
Bortxaketa edota sumisio kimiko kasuetan
Muturreko egoera hauetan, ospitalera joatea gomendatzen da mediku azterketa egiteko eta laginak jaso ahal izateko, salaketarik jarri beharrik ez dagoen arren. Biktimak une horretan ospitalera joan nahi ez badu, bere erabakia errespetatuko da, baina arropa gordetzeko eta ez dutxatzeko, jateko edota edateko gomendatuko zaio, prozesu hori hurrengo egunetan egin nahi izanez gero laginak ziurtatuta egon daitezen.