Alkizako udalbatza eratu da larunbat goizean egindako osoko bilkuran. Bertaratuko zinegotzi guztiek kargua hartu dute eta Inaki Irazabalbeitia Fernandez aukeratu dute alkate. Irazabalbeitia Alkizako alkatea da 2019az gero.
Inaki Irazabalbeitiak Alkizako Abertzale Ezkertiarrak hautagaitzari herritarrek hauteskundeetan emaniko konfiantza eskertu du eta udal taldea utzi duten Ina Soriak eta Shrabani Arantzabek aurreko lau urteetan eginiko lana azpimarratu eta eskertu du.
Halaber, Irazabalbeitiak seinalatu du erronka garrantzitsuak dauzkala udal taldeak datozen 4 urteetan, bereziki plan orokorraren erredakzioa bukatu eta onartzea. 'Plan orokorrak Alkizaren etorkizuna eraikitzeko oinarriak emango dizkigu, besteak beste, herriko gazteei herrian bizitzeko etxebizitza-eskaintza egokia antolatzeko erremintak. Behin plan orokorra onartuta, legealdi honetan bertan hasi nahi dugu etxebizitzak eraikitzeko lehen pausuak ematen'.