Regina Sorarrain Lasa da Alegiako alkate berria

Erredakzioa 2023ko eka. 19a, 08:40

Larunbat eguerdian egindako Udal gobernu berria eratzeko ekitaldian Aurrera Alegiako bost zinegotzik eta Euskal Herria Bilduko lauk hartu zuten kargua.

Aurrera Alegiako zerrendaburu zen Regina Lasa Sorarrainen alkatetzarako hautagaitzak aldeko bost boto lortu zituen bozketan eta EH Bilduko Edurne Arrayetenak lau. Horrenbestean, Regina Sorarrain Lasa izango da Alegiako alkatea datozen lau urteetan. 

Azken lau urteetan alkate karguan egon den Arantxa Irazusta Etxeberriaren eskutik jaso zuen erreleboa Sorarrainek eta berarekin batera, Andrea Larrañaga, Maria Jesus Gaztañaga, Xabier Zabala eta Maialen Landart izango dira Aurrera Alegiako zinegotziak Udalean. EH Bilduren aldetik berriz, Edurne Arrayet, Alex Goikoetxea, Asier Ezeiza eta Amaia Jimenez izango dira zinegotzi.

Regina Sorarrainek eskerrak eman nahi izan zizkien bere taldekideei aurreko lau urteetan eta orain ere berarengan jarritako konfiantzagatik. Herritarrei ere eskerrak ematearekin batera, jasotako ardura erantzukizunez, umiltasunez, ilusioz eta lanerako gogoz hartzen dutela adierazi zuen. Denentzat alkatea izatea du helburu eta herriak dituen erronka handiak, hautesle guztiek elkarrekin aurrera eramatea dute jomuga. Emakumeenganako aldarria ere egin nahi izan zuen, “gu gaur hemen baldin bagaude, aurrekoek beraien ametsak albo batera utzi zituztelako delako, gureak bete ahal izateko”.

 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean