Tolosaldea Gertutik

Lehen sektoreak ingurunean duen inpaktua aitortzeko diru laguntza aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Maider Navarro Alustiza 2026ko maiatzaren 14a

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua Bidaniako Amalarre ustiategia izan dira, sektorearen "ezinbesteko lana" bertatik bertara ezagutzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza lerro berri bat iragarri du abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza azpisektoreak sustatzeko. Guztira 500.000 euroko aurrekontua bideratuko du erakundeak, eta gipuzkoako 700 ustiategi inguru izango dira onuradun. Ekimen honen bidez, lehen sektoreak Gipuzkoako ingurumenari eta gizarteari egiten dion ekarpena aitortu nahi du Aldundiak.

Iragarpenarekin batera, Aldundiko ordezkariek, Tolosaldea bisitatu dute gaur. Zehazki, Bidaniako Amalarre ustiategia, sektoreko langileen egunerokoa eta dituzten beharrak hurbiletik ezagutzeko.

Nor izan daiteke onuradun?

Laguntza hiru multzotan banatuko da, bakoitzak baldintza zehatzekin:

  • Abeltzaintza: Behi, ardi, ahuntz, zaldi, txerri, hegazti eta erlezaintza-ustiategiak. Gutxieneko abere-zama (0,4 A.L.U./ha) bete beharko dute. Hegazti eta txerrien kasuan, kalitate-marka edo ziurtagiri ekologikoa ezinbestekoa izango da.
  • Nekazaritza: Baratzezaintza, mahastizaintza, frutagintza eta olibagintza. Kasu honetan, ekoizpena sistema ekologikoan, integratuan edo jatorri-deituretan inskribatuta egon behar da.
  • Basogintza: Baso-kudeaketa aktiboa duten ustiategiak, betiere kudeaketa-plan onartu bat badute azaleraren % 70ean.

Oro har, ustiategiek dagokien erregistroan izena emanda egon behar dute 2025etik, eta gutxienez 0,4 NLU primario izan behar dituzte.

Zenbatekoa eta epeak

Laguntza jaso ahal izateko oinarrizko kopurua 550 eurokoa izango da azpisektore bakoitzeko, eta kopuru hori doitu egingo da ustiategi bakoitzaren tamainaren eta ezaugarrien arabera.

Garrantzitsuena da Aldundiak ofizioz kalkulatuko duela nork duen eskubidea, erregistro ofizialetako datuak erabiliz. Laster behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta ekoizleek proposamena onartzeko edo aldaketak eskatzeko aukera izango dute.

Epea: Izapideak egiteko azken eguna 2026ko ekainaren 30a izango da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da.

 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA