Euskal pilota gure herriaren ondarea da, kirola eta kultura da. Frontoietan, trinketeetan, plazetan eta herriz herri entzuten den pilota hots hori gure identitatea da. Baina ez gara itsu bizi: gaur egun kirol hegemonikoek leku eta oihartzun ia guztia hartzen dute, eta horrek asko zailtzen du hain gutxitua den gure kirola zabaldu eta hedatzea. Egunerokoan gehiago zailtzen zaigu gazteengana iristea, pilota ikusaraztea eta behar duen tokia ematea. Horregatik, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da gurea indartzea, zabaltzea eta balioan jartzea.
Komunitateak eta elkarlanak ate asko zabaltzen dituela badakigu, eta oraingoan, auzolanaren bidez eta elkar babestuz bide bat topatu dugu. Elkarlan honi esker, Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatuko dituen zenbait txapelketen finalentzako ikus-entzunezko estaldura, tokiko telebista kate nahiz kanal digitaletako hedapen bateratua eta txapelketen babesletza lortu ditugu.
Elkarlan honetan, beraz, eragile bakoitzak ekarpen ezberdina izango du:
-
Gipuzkoako Pilota Federazioak, batetik, finaletako zuzeneko seinalea eskainiko dizkie Hamaika eta TOKIKOM taldeetako hedabideei, zabalkundea errazteko.
-
Izarkomek eta Goienerrek, beren aldetik, final horien babesle izango dira, eta azpiegitura teknikoa hornitzeaz arduratuko dira.
-
Hamaikak eta TOKIKOMek, azkenik, finaletako zuzeneko seinalearen zabalkundea egingo dute. TOKIKOMen kasuan, seinale hori taldea osatzen duten telebista eta webguneen eskura jarriko du, interesa dutenek emititu dezaten. Honezkero saio arrakastatsuak izan dira Goierri Telebistan, Tolosaldeko 28 Kanalean, Urola-Kostako GUKAn eta Goienan.
Hedatu nahi dugun mezua argia da: elkar laguntzea eta elkarlanean aritzea ezinbestekoa da, denok indartsuagoak izateko. Kasu honetan elkar laguntzeak gure kirola eta gure enpresa sarea indartzen ditu, eta gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da geurea balioan jarri eta zabaltzea.