Tokikon Sariak 2025

TOKIKOMek Goienaren ‘Puntua’, Aiaraldea eta Antxeta Irratia saritu ditu

Erredakzioa 2025eko azaroaren 21a

Lau sari banatu ditu TOKIKOMek Aretxabaletan egindako sari banaketa ekitaldian. Azal onenarena (‘Puntua’), eduki onenarena (Aiaraldea) eta ikus-entzunezko onenarena (Antxeta Irratia) emateaz gain, aipamen berezia egin diote Goienaren ‘Podcast-gela’-ri. Sariak banatuta, adimen artifiziala kazetaritzan eta komunikazioan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute.

TOKIKOM Sariak banatu dituzte gaur, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Campusean. Bertan izan dira TOKIKOM osatzen duten euskarazko toki hedabideetako ordezkariak eta baita erakunde publikoetakoak ere, hala nola, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Aitor Aldasoro eta Jabier Arakama, eta Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundietako, Garbiñe Mendizabal, Isaac Amezaga eta Joseba K. Perez ordezkariak.

Guztira lau sari banatu dituzte Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan. Azalik onenarena, eduki onenarena eta
ikus-entzunezko onenarena. Aurten, epaimahaiaren aipamen berezia ere egon da.

Azalik onena, Puntuarentzat

Azalik onena saria Goienaren Puntua astekariarentzat izan da, Keinu hizkuntza izenburudun azalarengatik. Epaimahaiak Puntua-ren azala saritu du “oso modu bisual eta indartsuan erakusten duelako gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna. Horretarako, normalean euskararentzako aldarrikatzen den ofizialtasuna beste hizkuntza baterako planteatzen digu”. Gaineratu dute ideia eta irudia oso iradokitzaileak direla eta zer pentsatua ematen duela.

Edukirik onena, Aiaraldearentzat

Edukirik onenaren saria, berriz, Aiaraldearentzat izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajearengatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren funtsa, eta, epaimahaiaren arabera, “lan mamitsu hori kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreporterismoa lantzeko modu aberasgarria aplikatzeko”.

90eko hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu erreportajeak, “ibilbide interesgarri eta erakargarria osatuz esperientzia pertsonaletik suizidioaren errealitate orokorrera”.

Ikus-entzunezko onena, Antxeta IrratiarentzatIkus-entzunezko onenaren saria Antxeta Irratiarentzat izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik. Hala, “jende askorentzat eguneroko arazoa den eta 
gehienontzat ezustean pasatzen den bazterketa mota bat argitara ateratzeko ahalegina” saritu du epaimahaiak. Nabarmendu du baita ere “elkarrizketatzailearen lan bikaina”, berez oso gordinak diren bizipenak dramatismoan jausi gabe eta patxadaz adierazi dituelako, egoera biolentoak direnak lasaitasun giroan transmitituz, enpatia bilatuz eta
gertutasunetik.


Aipamen berezia Goienaren ‘Podcast Gela’-ri

Bestetik, TOKIKOM Sariek aipamen bereziarekin nabarmendu dute Goienaren Podcast gela. Komunitatearen eskura ipini du Goienak gela berria, eta epaimahaiak nabarmendu du “parte hartzea eta herri mailako sareak ehuntzeko ekimena”. Azaldu dute Podcast gelak komunitateari ahotsa eman diola, eta parte hartze zuzena bultzatu duela inguruko erakundeen, elkarteen eta eragileen artean, hedabidera hurbildu eta bertan inplikatu daitezen. “Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audioeta bideo-podcastak, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politika, mugimendu sozialak, musika, literatura...”.


Sariak banatzearekin batera, adimen artifiziala kazetaritzan eragiten ari den aldaketez
hausnartu dute. Bederatzigarrenez banatu dituzte TOKIKOM Sariak. 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA