Lurralde gisa partekatzen ditugun balio nagusiak ospatzeko parada izango dute datozen asteetan gipuzkoarrek, Gipuzkoa hitzaren aipamen zaharrenaren milurtekoa gogoratuz. Dantza, musika eta natura ardatz hartuta, izan ere, hainbat hitzordu herrikoi eta sinboliko antolatu eta babestu ditu Foru Aldundiak, gipuzkoar erakundeekin eta eragileekin elkarlanean. Tartean, Erakunde-ekitaldi nagusia Tolosan egingo da, uztailaren 5ean, dantzaz eta musikaz gain Gipuzkoako herri erakundeetako buruak lotuko dituen ohorezko soka-dantza izango den protagonista nagusi izanik.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, gipuzkoarrak animatu nahi izan ditu antolatutako ospakizun herrikoi hauetan guztietan parte hartzera eta horretarako, dantza, kantua eta mendizaletasuna batzen dituen “hitzordu sinboliko eta herrikoiak” sustatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, “gipuzkoarron eta euskaldunon identitatearen adierazpide”, hiruak ere.
Soka-dantza
Soka dantza, Gipuzkoan, udal protokoloaren dantza adierazgarriena bezala definitua izan da. Hori dela eta, Gipuzkoa hitzaren milurtekoa ospatzeko erakunde ekitaldi nagusia euskal protokolo tradizional horretan oinarrituko da.
Uztailaren 5ean, larunbatean, Tolosako Euskal Herria plazan egingo den soka-dantzak Gipuzkoako herri-erakundeetako buruak batuko ditu, hala nola, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta lurraldeko gainerako alkateak. Dakigunez, historian lehen aldiz egingo den gipuzkoar autoritateen soka-dantzan parte hartzera gonbidatu dira alkate guztiak, gipuzkoarron ordezkari diren neurrian. Ekitaldi hau Tolosako Udalarekin elkarlanean antolatuko da.
Urmuga
Ospakizun herrikoi hauetan azkena, berriz, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatzen den UIizar mendian egingo da, Urmuga jaialdiaren egitarauaren barnean. Uztailaren 20an, igandean, jarritako hitzordu honetan erakundeetako ordezkariek ere hartuko dute parte. Urmugarekin bat egiten duten mendizaleak hiru bideetan barna iritsiko dira Ulizarrera –Berastegitik, Orexatik eta Arribetik– eta arratsaldean, berriz, ‘Ypuçcoa 1.000 urte ikuskaria’ eskainiko dute Leitza eta Amasako koruek, Euskal Herriko eta Aragoiko dantza taldeekin batera. Ekitaldi eta musika emanaldi irekia izango da hau ere.