Euskadi Gastronomikaren Elkarrekin 2025 Saria jaso du Tolosaldeak, turismo gastronomikoa sustatzeko eredu aitzindari eta sendotuagatik. Sariak eskualdeak tokiko eragile publiko eta pribatuen artean garatutako sare zabal eta kohesionatuaren lana nabarmendu du: bertako produktuak, kalitatezko ostalaritza eta bisitariari esperientzia osoa eskaintzen dion proposamen bateratua uztartzen dituena.
Elkarrekin Saria Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren balioak —lankidetza, jasangarritasuna eta berrikuntza— betetzen dituzten proiektuei ematen zaie. Tolosaldearen kasuan, gastronomiaren inguruko eragile ugari sarean biltzeko eta elkarrekin lan egiteko gaitasunagatik nabarmendu da, baita tokiko ekitaldi eta ekimenetan ikuspegi turistikoa integratzeko egin duen lanagatik ere.
Lankidetza osoan oinarritutako eredua
Tolosaldea Garatzen erakundearen gidaritzapean, gaur egun 50 zerbitzu baino gehiago biltzen ditu sareak: bisitagarriak diren ekoizleak, sagardotegiak, jatetxeak, pintxo tabernak, komertzioak eta espazio gastronomikoak, baita udalerriak ere. Xedea da bisitariari esperientzia gastronomiko osatua eskaintzea, tokiko izaera eta benetakotasuna ardatz.
Gastronomia benetakoa eta esperientzia gisa
-
www.tolosaldea.eus webgunean etengabe eduki propioak sortzea, eskaintza gastronomikoa modu zehatz eta eguneratuan aurkezteko.
-
2025aren hasieran aurkeztutako bideo kolaboratiboa, sareko kide guztiek parte hartu dutena. Bideo honek lurraldearen balioak eta Euskadi Gastronomikaren ikuspegiarekin bat datozen esperientziak erakusten ditu.
-
Tolosako Azoka-ren inguruko eskaintza berria Next Generation funtsen bidez
-
Bezeroaren esperientzia hobetzeko programak ostalaritzan.
-
Pello Zabala Gunea (Amezketan) edo “Sagastitik Sagardora” ibilbidea (Adunan) egokitzeko lanak, lehenengoa Next Generation funtsen bidez.
Kalitatea eta prestakuntza oinarri
Gastronomia eskaintza sustatzeaz gain, tokiko sektorearentzat formazio-eskaintza espezifikoa bultzatzen du sareak, eta Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan parte hartzea ere sustatzen du. Gainera, kudeaketa mahaia osatzen duten eragileek elkarrekin hartzen dituzte erabaki estrategikoak, eredu inklusibo eta parte-hartzailearen alde eginez.
Euskadiko barrualdeko erreferente turistikoa
Tolosaldea turismo gastronomikoaren erreferente bilakatu da Euskadiko barnealdean, nazioarteko foroetan (OMTko Gastronomia Turismoko Mundu Foroan, esaterako) parte hartuz, eta 2024an El Diario Vasco egunkariaren “Lurralde Gastronomikoa” izendapena jaso zuen.
Orain, Elkarrekin Sariak urrats berri bat dakar, gobernantza partekatuaren eta lankidetza publiko-pribatuaren alde egindako apustu sendoa sarituz. Tokiko nortasuna eta benetakotasuna ardatz duen turismo gastronomiko baten aldeko lan kolektiboa, gero eta bisitari gehiagorengana iristen ari dena.
Ezin aipatu gabe utzi dituzte sarearen parte diren eragile guztiak, hala nola: Balerdipeko Erleak, Goine gaztandegia, Hika txakolindegia eta jatetxea, Inazio Urruzola txakolindegia, Mahala, Urdapilleta euskal txerria, Ezeiza gozotegia, Rafa Gorrotxategi eta Txokolatearen Museoa, eskualdeko sei sagardotegiak (Aburuza, Eguzkitza, Goikoetxea, Isastegi, Sarasola eta Zabala), Albizturgo ostatua, Alkizako ostatua, Altzoko ostatua, Ama, Iriarte Jauregia eta bere jatetxeak, Bertakoteka, Bide bide, Botarri, Hernialdeko ostatua, Iparra Taproom, Iriarte jatetxea, Iturri ondo, Larraitz gain, Orexako ostatua eta denda, Irurako ostatua, Zirta, Fronton jatetxe eta taberna, Tolosako hiru erretegiak (Burruntzi, Casa Julián eta Nicolás), Ikatza taberna, Karela, Orbela, Xare, Barriola harategia, Garia okindegia, Tolosako azokaren kudeatzaile den Tolosako udala eta Pello Zabala gunearen kudeatzaile den Amezketako udala. Baita Tolomendiri, kudeaketa mahaiko bere partaidetzagatik. Bakoitzak beretik, alea jarriz urtez-urte aberasten doan sare hau posible egiten dutenak direlako.