Saskibaloian, larunbat arratsaldean Usabalen jokatuko dute TAKEko emakumezkoen zein gizonezkoen talde nagusiek. Arratsaldeko 16:00etan Eguzkitza Sagardotegia TAKEk, Ostadarren aurka jokatuko du, sailkapenaren buruan jarraitzeko berriz ere garaipena lortu beharko dute tolosarrek.
Gizonezkoen kasuan, 18:00etatik aurrera, Zarauzko Ulacia ZKEren aurka jokatuko dute. Mailari eusteko borrokan jarraitzeko irabazi beharreko norgehiagoka izango da hau.
Kirolez aldatuta, eskubaloian Tolosa CFko neskek Saieko hartuko dute Usabalen, ligaxkako azken aurreko jardunaldiko lehia izango da. Azken bost partidak galdu gabe dago taldea, aurkariak puntu bat gutxiago du sailkapen taulan. Laugarren postuari eusteko irabazi beharreko lehia izango da hau. Larunbatean iluntzeko 20:00etan hasiko da norgehiagoka.
Igandean berriz, Tolosaldeko Eskolarteko Xake Txapelketaren lehen jardunaldia jokatuko da. Tolosako Kultur Etxean goizeko 10:00etan hasiko da lehia.