Areto futbolean Hirugarren Mailako 24. jardunaldiko partiduak jokatu dira asteburuan, Laskorain kirol elkarteari dagokionean, Jarrilleros-en aurka jokatu du. Usabal kiroldegiko langileen greba dela eta lehia Anoetako Abraham Olano kiroldegiko kantxan jokatu da.
Talde horitxoak baja asko zituen eta kantxan islatu da hori. Lehenengo zatian lehia irabazten hasi zen Tolosako taldea, baina Jarrillerosek bi gol sartuta atsedenaldira markagailuan aurretik joatea lortu zuen, 1 eta 2. Bigarren zatian Laskorain ezinean aritu zen, Jarrillerosek markagailuko aldea handitzea lortu zuen 1 eta 3koa sartuta. Talde horitxoak gol bat sartu bazuen ere, ezin izan zuen lehia berdindu. 2 eta 3koarekin amaitu zen partidua.
Larunbateko porrotaren ondoren, bosgarren postuan dago Laskorain sailkapenean, 41 puntu dauzka. Sei lehia falta direla jakitun, lehenengo hiru postuetan sartzea oso zaila da tolosarrentzat, play off-eko azken postua, laugarrena, puntu bakarrera du. Denboraldiko azken partiduetan postu hori lortzeko borroka egingo du taldeak. Bi asteko atsedenaldiaren ondoren, Tolosalaren aurkako derbia da talde horitxoak duen hurrengo erronka.