Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak "tristura eta harridura" dituela nabarmendu du udaltzainen prestakuntzaren inguruan sortutako polemikaren harira azalpenak emateko argitaratu duen idatzian. Alkatearen esanetan, "informazioaren zati handi bat faltsua, okerra edo manipulatua da".
Idatziak dioenaren arabera, alkateak informazio gehiago biltzen ari da eta datu gehiago emango ditu hurrengo egunetan. Orain artean zabaldu den informazioa "faltsua" dela gehitu du. Tolosako udaltzainek Guardia Zibilaren kuartelean jasotako ikastaroa teorikoa izan zela baieztatzen du, "Arma eta Lehergaiei buruzko 137/1993 Errege Dekretuaren inguruko prestakuntza teorikoa izan zen, ez besterik". Tolosako eskopetarien jaien antolaketa eta armen ikuskapenetan udaltzainek duten lana eta berau egiteko araudia ezagutu beharraren ondorioz joan ziren udaltzainak Intxaurrondora. "Gaur egun tamalez eskumen esklusiboa Guardia Zibilarena da".
Andu Martinez de Rituertok ikastaroa Intxaurrondon egiteko erabakia berea ez dela ere gehitu nahi izan du. Idatziaren bukaeran, EAJri, "herritarren interes orokorrak lehenesteko eskaera ere egin dio Tolosako alkateak.