EAJk jakinarazi duenez, Tolosako Udalak Intxaurrondoko kuartelera hainbat udaltzain bidali ditu tiro praktikak egitera. GBBk salatu duenez, erabaki honek inplikazio "larriak" ditu.
Tolosako Udalak Ertzaintza eta euskal autogobernua mespretxatzen dituela salatu du EAJk eta Ertzaintza "nahita baztertzea" egotzi dio. Honekin batera, erabaki honek, Guardia Zibilaren presentzia indartuko duela gaineratu du EAJk,"Guardia Zibilak Euskadin duen funtzionaltasuna eta bere presentzia zabaldu dute". Ertzaintzaren eta udaltzainen artean dagoen lankidetzan, erantzunkidetasunean eta baliabideen optimizazioarekin segurtasun publiko "integraleko eredua" dagoela gehitzen du EAJren oharrak, "Tolosan hartutako erabakia eredu horren aurka dago"
"Inflexio puntua euskal gizartearentzat"
EAJk ikuspuntu sinboliko eta historiko batetik, eta ikuspuntu material eta konpetentzialetik, erabaki honen larritasuna "intentsitate handikoa" dela gaineratu du. Honela, Gipuzkoako EAJk, "egoera zuzentzeko" hiru eskakizun planteatu ditu.
Lehenengoan, Tolosako alkateen dimisioa eskatu du, "euskal gizarteak poliziaren eta segurtasunaren arloan duen borondatea errespetatzen ez duten erabakiengatik" eskatu du alkateak kargua uztea. Bigarrenean, udaltzainak prestatzeko prozesua Arkautira eramatea eskatu du. Azkenekoan, Gipuzkoako udal guztietan mozio bat onartzea nahi dute jeltzaleek. Bertan, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetzarekin baliabideen optimizazioa eskatzen da.
28 Kanala Tolosako Udal ordezkarien adierazpenak biltzen saiatu da. Hauek, oraingoz, ez dute gaiaren inguruko ikuspuntua azaldu nahi izan.