Tolosaldea Gertutik

“Zientzia azokan” dibulgazio-ekimena, merkatuko ohiko produktuen atzean dagoen zientzia erakusteko

Olaia Garmendia Ancisar

Erakusketa ibiltaria jarri dute Trianguloan, eta hiru hitzaldi izango dira Topicen.

Urriaren 6tik 8ra, TOPIC zentroan hiru hitzaldi izango dira, lurraldearekin lotura estua duten produktuen inguruko hainbat ikerketa herritarrengana hurbiltzeko. Besteak beste, Ibarrako piparra, Gernikako piperra, Tolosako babarruna eta Idiazabal gazta izango dituzte hizpide. 
Hitzaldiak agrobiologiaren, botanikaren eta gastronomia-zientzien arloko profesionalek eskainiko dituzte.

Urriaren 6an, asteartean, Mikel Ojinaga (NEIKER) ingurumen-agrobiologoak emango dio hasiera hitzaldi-zikloari. Ojinagak piperraren etsai nagusiei buruz hitz egingo du: lurreko onddoei eta birusei buruz.
Hurrengo egunean, urriaren 7an, asteazkena, Shuyana Deba (Leartiker) gastrozientzialariaren txanda izango da. Hitzaldian planteatuko du ea belaunaldiz belaunaldi gure mahaietan presente dagoen babarruna elikagai tradizionala ote den edo, aitzitik, etorkizunean funtsezko elikagai bihurtzeko ahalmena ote duen. 
Hitzaldi-zikloa urriaren 8an, ostegunean, amaituko da Arantza Aldezabal (EHU) biologoaren eskutik. Saioan, larre eta belardien zaintzaren eta kalitatezko gaztaren artean dagoen lotura azalduko du. 
Hiru hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, sarrera librea izango da aretoa bete arte, eta euskaraz izango dira. Bertaratu ezin direnek hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte Katedratik kanalean, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren TikTok kanalean, hain zuzen.

Programazioak urriaren 15ean, ostegunean, jarraituko du. Arratsaldeko 17:30ean, Idiazabalgo Aranburu Gaztandengiko Olatz Aranburu ingeniari agronomoak Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzako tailerra egingo du kultur etxean. Tailerra Tolosako Gazte Topagunearekin batera antolatuko da.
Olatz Aranburuk gazta egiteko prozesuaren lehen urratsak azalduko ditu eta gazta egiten hasiko da gaztetxoekin batera. Tailerrean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Tolosako Gazte Topagunean.

Erlazionatuak

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA