Tolosako Udal Gobernuak 2025-2027rako Etxebizitza Planaren lehen urteko balantzea aurkeztu du. 2025eko ekainean abiatutako egitasmo honek lau ardatz nagusi ditu, eta etxebizitza eskubidea herritar guztiei —bereziki gazteei eta egoera zaurgarrian daudenei— bermatzea du helburu ardatz. Udalak azpimarratu duenez, etxebizitza agintaldiko lehentasun politiko nagusietako bat da, eta plan horren bidez konpromisoak ekintza zehatz bilakatzen ari dira.
Lehen urteko mugarri nagusiak eta eraikuntza berriak
Lehen urte honetan urrats estrategiko esanguratsuak eman dira udalerrian:
- Tentsionatutako eremua: 2026ko otsailean Tolosa bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu zen.
- Amarozko babes ofizialeko etxebizitzak: Paper-fabrika zaharraren eremuan alokairura bideratuko diren 192 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko obrak dagoeneko hasi dira.
- Beste egitasmo batzuk: Udal Gobernuak lanean jarraitzen du alokairuzko beste 104 etxebizitza babestu bultzatzeko, eta Iurramendin belaunaldiarteko 15 etxebizitza sustatzeko proiektua ere garatzen ari da.
Etxebizitza-parkea birgaitzea eta neurri fiskalak
Etxebizitza berriak eraikitzeaz gain, egungo eraikinak berritzeari eta etxe hutsak alokairu-merkatuan sartzeari garrantzi handia eman dio Udalak.
- % 95eko hobaria: Bonifikazio fiskal hau ezarri da Alde Zaharrean, Euskal Herria plazan eta Santa Klaran egindako obretan, baita babes ofizialeko etxebizitza publikoetan eta Bizigune programari lotutako etxeetan ere.
- Hiri-berroneratzea eta lokalak: Alde Zaharreko berroneratzearekin aurrera jarraituko da, lokalak etxebizitza bilakatzeko ordenantza egokitzen ari da, eta San Frantzisko 37ko eraikinean gazteentzako etxebizitza dotazionalak proiektatzen ari dira.
- Etxe hutsei errekargua: Etxe hutsen Ondare Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) % 150era igoko da 2027tik aurrera, merkaturatzea sustatzeko asmoz.
Gazteentzako laguntzak eta emantzipazioa
| Lagutza lan-ildoa | Datuak eta neurriak |
| Gazteentzako emantzipazioa (2025) | 18 eta 35 urte bitarteko 21 gaztek jaso zituzten laguntzak (gzutira 64.174,40 €). |
| Alokairurako ordenantza berriak | Onuradunen profila zabaldu eta laguntzen zenbatekoa handitu da (bereziki Alde Zaharra, Euskal Herria plaaza eta Santa Klaran). |
| Bizigune Programa | Etxebizitzak egokitzeko dirulaguntzak handitu dira eta OHZean % 95eko hobaria ezarriko zaie. |
Erakundeen arteko elkarlana, ardatz
Etxebizitza azpisailak tolosarrei zuzeneko aholkularitza eta artapena eskaintzen die aukera guztiak ezagutarazteko. Horrez gain, Udal Gobernuak argi du erronka honi erantzuteko ezinbestekoa dela beste erakunde publiko batzuekin batera aritzea (Eusko Jaurlaritza, Alokabide eta Visesa). Elkarlan horren adibide dira San Frantzisko eliza eta komentua erosteko negoziazioak zein RC2 eremuan etxebizitza berriak sustatzeko prozesua.