Tolosako ekaineko Osoko Bilkuran hizpide izan dute ospitale berria eraikitzeko prozedura. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitalea egiteko behar den orubea lehenbailehen jasotzeko eskaera formala egin berri dio Tolosako Udalari.
Xarles Iturbe EAJko zinegotziak gogorarazi du komunikabideen bidez jakin dutela maiatzean falta diren bi lur zatiak erosteko lanak hasi zituela Udalak. Gauzak horrela, maiatzetik hona emandako pausoak zeintzuk izan diren galdetu dio gobernuari, eta partzela osoa Jaurlaritzaren esku jartzeko "epeen inguruko konpromiso bat" hartzeko eskatu dio.
"Eskari soil bat, negoziaziorik gabe"
Erantzuna Ander Figueredo hirigintza zinegotziaren eskutik etorri da. Figueridok baieztatu du sailburuordetzaren eskaera jaso dutela, baina eskaria egiteko modua bitxi samarra egin zaiela gaineratu du: "Normalean holako eskariak ez dira egiten modu honetan, erregistrotik eskari bat egin, lursailaren titulartasuna doan lagatzeko, inongo baldintzarik, inongo negoziaziorik eta inongo bilerarik gabe".
EH Bilduko zinegotziak azaldu du legeak markatzen duen bezala prozedura hau guztia kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko hirigintza batzorde bat sortu beharko litzatekeela, lagapenaren baldintzak eta nondik norakoak behar bezala negoziatzeko. Udalak dagoeneko bidali dio ofizio bat Jaurlaritzari batzorde hori osatu eta "gauzak ondo egiteko" eskatuz.
Epeak emateko ezintasuna
Epeei dagokionez, Figueridok adierazi du une honetan ezin dutela datarik zehaztu. Udalak jada identifikatu ditu falta diren bi partzelen jabeak eta bilera formal bat eskatu die lur horiek bereganatzeko, baina jabeen erantzunaren zain daude oraindik.
"Presa handia baldin badago, Udalak bere zatia bihar bertan lagatu dakioke, baina uste dugu gauzak ondo egin behar direla: batzordeak osatu, hirigintza hitzarmen bat egin eta gauza txukunak egin", borobildu du Figueridok, prozedura legala errespetatzearen garrantzia azpimarratuz.