Aurten ere, Tolosako Udalak bat egin nahi du ekainaren 28ko LGTBIQ+ kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunarekin. Helburua herriak aniztasunarekin, eskubideekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa berrestea da eta, horregatik, hainbat ekintza biltzen dituen egitaraua antolatu da herritarrentzat.
ZARATA proiektua Trianguloa plazan izango da ekainaren 11n
Datorren ostegunean, ekainaren 11n, ZARATA proiektua iritsiko da herriko erdigunera. Trianguloa plazan kokatuko den ekimen honek bi herritar multzo nagusiri zuzendutako ordutegia eta formatua izango du egun osoan zehar:
- Goizean: Tolosako ikastetxeetako ikasleek proiektua gertutik ezagutzeko eta bisitatzeko aukera izango dute.
- Arratsaldean: Ateak herritar guztiei irekiko zaizkie, 16:00etatik 20:00ak arte.
Antolatzaileek gogorarazi dute ibilbideak 45 minutuko iraupena duela. Hori dela eta, herritarrentzako azken sarrera 19:00etan izango da, bisita oso-osorik egin ahal izateko.
Zinegoak jaialdiko film laburren saio berezia
Topic-en Zineari lotutako hitzordua, berriz, ekainaren 17an iritsiko da, arratsaldeko 19:00etan. Tolosako Topic zentroan Zinegoak jaialdiko Film Laburren Saio berezia antolatu da. Ekimen honen helburua formatu txikiko zinemagintzaren bidez LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatzea eta askotariko nazioarteko begiradak tolosarrengana gerturatzea da.
Saioan zehar nazioarteko zein etxeko film laburren aukeraketa zabal batez gozatu ahal izango da:
- The Wind in Ash (Txina)
- Ferides / Born By Night (Katalunia)
- Delay (Txina-AEB)
- This feminine side (Portugal)
- Seuls les poissons morts suivent le courant / Only The Dead Fish Go With The Flow (Frantzia)
- Ultramarino (Euskal Herria)
Ekintza hauen bidez, Tolosako Udalak gonbidapena luzatzen die herritar guztiei ekitaldietan parte har dezaten, herri inklusiboago baten aldeko urratsak ematen jarraitzeko.