Guztira, 8 eta 12 urte arteko 42 ikaslek osatu dute Kontseilua, ikastetxea, adina, generoa, bizitokia eta jatorria kontuan hartuta orekatutako taldean. Zehazki, Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako hamalauna ordezkari izan dira lanean. Ikasturte osoan zehar, adituen esperientziak ezagutu dituzte eta lan-saioak egin dituzte bai ikaskideekin eta baita familiekin ere.
Udari zuzendutako bost lan-arlo nagusiak
Gaztetxoek egindako gogoeta guztiak bost multzo handitan banatu dituzte, eta zuzenean helarazi dizkiete udal-ordezkariei herria hobetzeko helburuarekin:
- Kirola eta jarduera fisikoa: Ariketa egiteko guneak handitzea eskatu dute. Besteak beste, frontoi estali bat, futbol eta saskibaloi zelai gehiago, eta boleibol, errugbi zein tenis kantxak doan erabiltzeko aukera. Era berean, Usabal eta rokodromoa txiki geratzen ari direla aipatu dute, eta naturan kirola egiteko espazioak eskatu dituzte.
- Mugikortasuna eta segurtasuna: Kaleetan seguruago ibiltzeko beharra nabarmendu dute. Horretarako, bidegorri sarea hobetzea eta jarraitua izatea proposatu dute (zatikakoa izan beharrean). Bizikletak uzteko toki estaliak eta alokairu zerbitzu bat ere jarri dituzte mahai gainean.
- Aisialdia, kultura eta jolasa: Adin guztietarako egokiak izango diren estalpedun parke gehiago eskatu dituzte, euri egunetan ere jolastu ahal izateko. Kultura arloan, liburuak trukatzeko guneak proposatu dituzte.
- Ingurumena, natura eta animaliak: Berdeguneak babesteaz gain, txakurrentzako parke espezifikoak eskatu dituzte. Aldi berean, kaleen garbitasuna bermatzeko, txakurren gorotzak kontrolatzeko neurri zorrotzagoak behar direla ikusi dute.
- Herria eta auzoak: Eguneroko erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko, semaforoen funtzionamendua eta kaleen argiztapena berrikustea eskatu dute. Horrez gain, zakarrontzi, komun publiko eta iturri gehiago jartzea proposatu dute, baita liburutegia asteburuetan irekita egotea ere.
Udal-ordezkariek adi entzun dituzte haurren kezkak eta proposamenak, herri atseginago eta seguruago bat eraikitzeko bidean etorkizuneko proiektuetan kontuan hartzeko konpromisoarekin.