Tolosaldea Gertutik

Tolosa eta Alegia arteko bidegorria ireki dute

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 29a

Bide-zatia "segurtasun-berme guztiekin" ireki da berriro, bidea egonkortzeko eta indartzeko lanak amaitu ondoren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosa eta Alegia arteko Oria ibaiko bidegorriaren ibilbide zatia ireki du, lanak amaitzeko aurreikusitako data baino lehen. Horrela, tarte hori erabat erabilgarri geratzen da.

Azaroaren 10ean hasitako lanak erritmo onean egin direla adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lanek lurzorua pixkanaka ibaiaren ezpondara lerratzearen ondorioz izandako hondoratzea konpondu dute. Horretarako, ezponda egonkortzeko eta eskoratzeko lanak egin dira, bidearen egitura bermatuz. Halaber, galtzada sendotu, errodadura-geruza berritu eta pintatzeko eta seinaleztatzeko lanak egin dira. Jarduketa osatzeko, baranda eta argiztapena berritu dira, eta ingurua leheneratzeko lanak ere egin dira hondatutako eremuan.

Esku hartze hau Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendua Tolosaldean eta Gipuzkoa osoan hedatzen ari den bidegorriak mantendu eta berritzeko planaren barruan kokatzen da. Ildo horretan, Aldundia artatze-plan zehatz bat garatzen ari da, 104 kilometro inguru hartzen dituena lurralde osoan, eta 151 puntu desberdinetan jarduten duena; garbiketa-lanak, seinaleztapen eta babes-elementuen hobekuntzak, bide-zoruak indartzea eta drainatze  eta egiturak bermatzeko jarduketak, besteak beste.

2025-2026 aldirako plan honetarako aurreikusitako inbertsioa ia lau milioi eurokoa da, bidegorri sarea seguru, irisgarri eta erabilera baldintza onetan dagoela bermatzeko, eta, horrela, Gipuzkoako mugikortasun jasangarria eta bizi kalitatea indartzeko.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA