Tolosako Udalak asfaltatze-lanak egingo ditu herriko hamabost puntutan

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 14a

Herriko kale eta bideetako galtzadetako zoruak eta zoladurak konpontzeko 500.000 euro bideratu ditu. Lanak herriko hamabost puntutan egingo dituzte. 

1. Bedaio: Gurbiltxikiko bidean, ia 3.000 m2ko zatia konponduko da.

2. Izaskun auzora (Ibarra) igoera: Ilarramendigoiena bidearen hasieran, 129 m2ko zatia berrituko da.

3. Usabal auzoa: Ollaunerako bidean, Sarrolazpikoa baserriaren bidegurutze ingurua konponduko da.

4. Santa Lutzia auzoa: Orixe eta Tolosaldea LHII ikastetxeen bidegurutzetik Uzturpe frontoirako tartea asfaltatatuko da. Pilotalekuaren atzean dagoen aparkalekuan eta bere sarbidean ere zenbait konponketa egingo dira.

5. Zumalakarregi pasealekua: Lizardi plazatik Zubiberrirako tartea asfaltatuko da. Etxeetatik gertuen dagoen aldean, oinezko bidea konponduko da, eta errepidearen maila berean jarriko da. Horrez gain, euri uren sarea ere berrituko da.

6. San Esteban auzoa: Irualdetatik Zuberoarako sarbidea asfaltatuko da. Horrez gain, desasfaltatze lan bat ere egingo da, auzoko bi parkeak batzeko. Azken hau AuzoEkin prozesuaren barruan auzotarren eskakizunetako bat da. Eremu batetik bestera errepidea pasa behar izan gabe, segurtasuna hobetzea da lanen helburua.

7. Araba etorbidea: Aurrez iragarri zen moduan, aparkaleku gehiago lortu asmoz, Araba etorbidearen atzean, erdibitzailea kendu egingo da eta errei bakarreko bihurtuko da kalea. Asfaltatze lanez gain, aparkalekuak berrantolatuko dira, plaza berriak sortzeko. 20 plaza berri inguru sortuko dira.

8. Iurre auzoa: Eroski supermerkatuaren atzealdean, maiz hondatzen den bide-zati bat asfaltatuko da, 65m2 inguru. 

9. Geltoki plaza: Plazako irteeran, Alliri eta Pedro Tolosa pasealekuek bat egiten duten puntuan, hondakinen bilketarako edukiontzien ondoan, zebra-bide jasoa egingo da, inguru horretako irisgarritasuna hobetzeko.

10. Kondeaneko aldapa: Lore Arte etxe multzoaren eta Inmakulada Ikastolaren artean, aldapako malda aldatzen den puntuan, zebra-bide jasoa egingo da. Lehen urrats gisa, uda amaieran, lanbide heziketako ikastetxearen aurrean zegoen jardinera eraitsi zen. Ibilgailuen abiadura murriztu eta oinezkoen segurtasuna hobetzea dira helburuak. 

11. Bizkai kalea: Iturriaren inguruko aparkalekuak asfaltatuko dira. Horrez gain, Hiribusaren geltokian markesina estali bat ere jarriko da.

12. Igeralde kalea: Agaramundu plazako edukiontzien bidegurutzetik gora doan bidean, eremu osoa asfaltatuko da.

13. Iparragirre: Igeralde kalean bertan, baina Iparragirre auzoaren aldean, autobidearen zubi azpia berregokituko da, aparkalekuak erregularitzatzeko, eta bidea konpontzeko. Horretarako oinezko bidea desbideratuko da zertxobait, eta ibilgailuak baterian aparkatzeko plazak margotuko dira. Horrez gain, batetik bestera pasatzeko zebra-bide jasoa egingo da.

14. Iparragirre eta Sputnik: Auzotarren eskakizunei eta Irisgarritasun Planari jarraituz, Telefonicaren eraikinaren bi aldeetan, zebra-bide jaso bana egingo da, irisgarritasuna hobetzeko. Igeralde kaletik beilatokira doan bidean ere zati bat ere asfaltatuko da. 

15. Donostia etorbidea: Lehen zatia asfaltatuko da, 2.378m2 inguru.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA