Zubi Berriaren ordezkoa tolosarren esku

Maider Navarro Alustiza 2025eko azaroaren 6a

Proiektua aurrera eramateko bide berri baterako aukera zabaldu du URAk, prozedura irekia deitu eta esleitzeko irizpideen artean herri-bozketa sartu du.

Zubi Berria ordezkatzeko proiektu-proposamenak aurkeztu daitezke URA agentziak deitutako prozedura irekira. Ondoren, herritarrek bozkatu ahal izango dute proiektu horien artean. Honek, zubia ordezkatzeko egon daitezkeen beste aukera batzuk ere mahai gainean jartzea ahalbidetzen du, baita herritarren iritzia.

2023ko martxoan URAk jendaurrean jarri zuen Zubi Berria ordezkatzeko proiektua. Herrian sortu zuen eztabaida tarteko, Udalak diseinu berri bat aztertzeko eskaera egin zion URAri. Haiek eskaera onartu eta proiektua eteteko erabakia hartu zuten. Gobernu aldaketa eta gero, aditu gehiagoren iritziak jaso zituen Udalak, eta ondorioa bera izan zen: Zubi Berria ordezkatzea zela eraginkorrena.

Hori ikusita, Tolosako Udalak proposamen bat garatu zuen, Anta ingeniaritza zibileko adituekin. Oria ibaian jarduketa bat baino gehiago egin zituzten, eta guztien artean zutabe bakarreko zubi baten proposamena hobetsi zen. Baina, eremuaren uholde arriskua, ibilguaren zabalera eta Oriaren emaria zorrotz ezagututa, eta lortu nahi den segurtasun-atalasea kontuan izanda, zutaberik gabeko zubiaren irizpidearen alde egin zuen URAk.

Prozedura Irekia

Dena den, Udalak egindako proposamenari jarraituz, eta zubia ordezkatzeko modu gehiago daudela ikusita, bide berri baterako aukera zabaldu zuen URAk, prozedura irekia deitu eta esleitzeko irizpideen artean herri-bozketa sartzearena. Ordutik, pleguen lanketan aritu da URA Agentzia, eta jada argitaratu du deialdia.

Proiektua hautatzeko prozesuak bi fase izango ditu: hasieran, proposamen guztien azterketa teknikoa egingo dute, eta lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzarako. Oinarrietan jasota dauden baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, berriz, baztertu egingo dira. Honako irizpide hauek baloratuko dira:

Proiektuaren eta inguruaren analisia (gehienez 34 puntu)

  • Proiektuari dagokiona (gehienez 28 p.):
    • Inguruaren ezagutza (3 p.)
    • Proposamenaren gaitasun hidraulikoa (9 p.)
    • Jarduketa, diseinu eta proiektuaren proposamena (13 p.)
    • Obrarako sarbideak eta lurren okupazio maila (3 p.)
  • Ingurumenari lotutako ondorioen ebaluazioa (gehienez 2 p.)
  • Udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen maila (4 p.)

Organigrama, plafinikazioa, giza baliabideak eta materialak (6 p.)

  • Organigrama eta giza baliabideak (2 p.)
  • Metodologia eta plangintza (4 p.)

Gutxienez 20 puntu jasotzen dituzten proiektuak pasako dira bigarren fasera.

Bigarren fase horretan, formula bidez automatikoki ebaluatu ahal izango diren bi aldagai finkatu dira: batetik, herri bozketa egingo da proposamen guztien artean, Erabaki plataforma erabilita —presentzialki bozka emateko aukera ere bermatuko da—. Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. Kasu honetan ere, azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazioak.

Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko da, formula bidez, eta gainerako % 20ko balioa izango du. Bigarren fasea abiatu aurretik azalduko dira parte hartu ahal izateko xehetasunak. Dena den, jardunaldi ireki bat antolatuko da aurretik, proiektuen ezaugarriak azaltzeko.

Lizitatzaile bakoitzak jasotako hiru puntuazioak batuko dira, eta puntu gehien dituenak proiektua egin beharko du ondoren, egin beharko lanak zehatz mehatz jasotzeko. Hala ere, puntu gehien dituena 2023an URAk egindako proposamena bada, irtenbide hori zuzenean gauzatuko da, proiektua eginda baitago. Kasu horretan, esleitze prozesua bertan behera gelditu eta lanak lizitatzera pasako litzateke.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA