Aurten jaso diren proposamenen kopuruaz gain, -120tik gora-, Kutxa Fundazioak aurkeztu diren proposamenen maila eta kalitatea azpimarratu ditu. Proiektu bakoitza 15.000 eurorekin saritu du Fundazioak, ibilbide inspiratzaile hauei jarraipena eta babesa emateko asmoz.
Itxaropena, talentua eta konpromisoa izan dira protagonista ekitaldian. Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendariak, ekitaldiaren hasieran adierazi duenez, “mundu hobe batekin amets egiteaz gain, mundu hori eraikitzeko egunero lan egiten duen Gipuzkoako gazte talentua aitortzeko eta babesteko jaio zen proiektua. Gazte hauen istorio bakoitzak inoiz baino gehiago behar dugun lidergo modu bat islatzen du: inposatzen ez den lidergo bat, inspiratu egiten duena baizik. Ez duena protagonismorik bilatzen, eragina baizik. Ez duena lehiatzen, gizartean eraiki baizik.”
Felix Arrieta, Aitziber Sarobe, Ion Irurtzun, Blanca Zaragüeta eta Aizpea Goenaga aritu dira epaile lanetan. Irabazleak aukeratzeko prozesua hainbat urratsetan gauzatu da: lehenik, gazteek aurkeztutako proposamen guztiak aztertu dira, eta ondoren, 15 finalistekin elkarrizketa pertsonalizatuak egin dira, haien proiektuak sakon ezagutzeko eta ulertzeko.
“Saridunen ibilbideak ilusionagarriak, sinesgarriak eta sendoak dira, eta haien grina eta konpromisoa kutsakorrak. Euskal Herriko etorkizuna itxaropenez betetzen duten eragile inspiratzaileak dira” adirazi du Aizpea Goenagak, epaimahaiko lehendakariak.
5 emakume garaile
5 emakume igo dira gaur oholtzara euren saria jasotzera, haien artean Shrabani Aranzabe-Pita alkizarra. Irabazle bakoitzak bere ibilbidea arlo desberdinetan garatu duen arren, guztietan nabarmena da kontzientziak astintzeko eta gizartean eragina izateko duten grina. Zientzia, osasuna, artea, dibulgazioa… diziplina askotarikoetatik abiatuta egiten du bakoitzak bere ekarpena, eta haien ibilbideek erakusten dute Gipuzkoa hobeago bat eraikitzea posible dela.
Shrabani Aranzabe-Pita. 25 urte. (Alkiza).
Naturaren Doinuak natura, hezkuntza, artea eta kultura uztartzen dituen proiektua da, haur eta nerabeen bizipenak sustatuz eta gizarte-inklusioa bultzatuz, bi fasetan: gizarte proiektuen fasea eta jaialdia.
Hezkuntza, inklusioa eta kultura uztartuz egin du bere ibilbidea. 2021ean, pandemiaren garaian, Naturaren Doinuak sortu zuen, haur, nerabe eta familientzat esperientzia artistikoak eta naturarekin lotutako ekintzak eskaintzeko asmoz.
Proiektu honetan murgilduta egoteaz gain, neurozientzia, hezkuntza eta hezkuntza artistikoa uztartzen dituen doktoregoa egiten ari da, gizarte-proiektuak eraginkorrak izan daitezen, ikerketa eta etengabeko hobekuntza ezinbestekoak direla sinetsita.