Eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatuz, “Joka Sano” kanpaina martxan izango dutela aurkeztu dute Tolosako Udalak, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Tolosako Asanblada Feministak. Aurtengoan, jaietan zehar egongo diren arreta profesional zerbitzuak indartu egingo direla jakinarazi dute, otsailaren 27an eta martxoaren 2an eta 3an izanik Puntu Morea.
Gune hau, Trianguloan jarriko duten Informazio Gunea izango da, gaueko 22:30etik goizaldeko 1:30etara. Ondoren Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean kokatuko da arreta zerbitzua, goizeko 5:30ak arte. Jakinarazi nahi izan dute baita ere, jai girotik kanpo gertatzen diren erasoak ere artatuko direla puntu horietan.
Bi telefono zenbaki ere izango dira herritarren eskuraarazo hauekin laguntza jasotzeko. Batetik, gune morearen ordutegian, 747 420 488 zenbakia eta bestetik, Udaltzaingoaren telefono-zenbakia 24 orduz eskuragarri egongo dena, 943 675 858.
Ostalartizarekin indarkeria kasuetan nola jokatu jasotzen duen protokolo bat ere landu da. Taberna horietan erasorik gertatuz gero edo norbait laguntza eske joanez gero langileek arreta egokia nola eman jakin dezaten. Esperientzia pilotu bat izango da, lehen urtea baita honelako proiektu bat martxan jartzen dela eta txoznaguneak eta Orbela, 1990 eta Bide-Bide tabernek hartu dute parte. Taberna hauetan kartelak eta pegatina identifikagarriak jarriko dira protokolo bat dutela adierazten.