Aurten 100 urte bete dira Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinegilea jaio zela. Eta, testuinguru horretan, efemeridea ospatu eta artista gogoan izateko ekitaldia egin dute Tolosako Udalak eta Tolosako Ekinbide Etxeak. Basterretxeak lotura estua izan zuen Tolosarekin bere ibilbidean zehar.
Bertan izan dira, besteak beste, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituerto; Kepa Goikoetxea, CIT-Ekinbide etxeko lehendakaria; Gorka Basterretxea, Nestorren semea; eta eskulturak jartzeko egitasmoaren sustatzaile taldeko parte izan zen Mitxel Perales tolosarra.
2000. urtean inauguratu zen ‘Goldea’ eskultura Tolosako Emeterio Arrese kaleko lorategian; hortaz, aurki 25 urte egingo ditu bertan. Eskulturaren bitartez baserritarren lana aitortu nahi izan zuen Basterretxeak. Iraganean funtsezkoa izan zen tresna baten testigantza da obra eta, artistaren esanetan, gure balio zaharrak etorkizuneko belaunaldiei helaraztea zen bere helburua.
Hunkituta jaso du aitortza Basterretxearen sendiak, aipatuz Nestorrek Tolosa maite zuela eta bere obrei balioa ematen jarraitzen dela ikusteak, ohorea dela familiarentzat.