‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoaren egitarauan zenbait aldaketa

Maider Navarro Alustiza 2024ko ira. 19a, 15:30

Euri asko dago iragarrita eta, ondorioz, zenbait ekitaldi lekuz aldatuko dira.

Ostiraletik aurrera ospatuko dira Mugikortasun Asteko ekitaldi gehienak. Datozen egunotarako, ordea, euri asko dago iragarrita. Hori dela eta, bi egunez Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua oinezko bilakatzea helburu duen ‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoko espazioen berrantolaketa egin du Tolosako Udalak, hitzartutako ekitaldiak gauzatu ahal izan daitezen.

Azoken kasuan, Euskal Herria plazako postuen kokalekua ohikoa izango da, Euskal Herria plazan bertan. Bigarren eskuko bizikleta azoka San Frantzisko pasealekuan izango da. Zerkausiko ekoizleek Trianguloa plazan jarriko dituzte euren postuak.

Larunbat arratsaldeko haurren kultur ikuskizuna ‘Baserriko porrusalda’ (17:00) Alondegia plazako estalpean egingo da, eta igande eguerdiko GU taldearen kontzertua (12:30) Berdura Plazan, aurreikusitako ordu berean.

Irristaka larunbateko 16:00etatik 19:00etara izango da San Frantzisko pasealekuan, zirkuitu eta trebezia ariketekin. Patinak eta kaskoa norberak eraman beharko ditu. Igande osoan zehar saskibaloian jokatzeko saskiak jarriko ditu TAKEk, San Frantzisko elizaren parean. Baloiak Garagardo Azokan duten Sukaldeko gunean izango dira nahi duen ororen eskura eta, erabili ondoren, bertara itzuli beharko dira. Bi kasu horietan, euria balego, bertan behera geratuko dira jarduerak eta espazioa libre utziko da.

Real Sociedad Fundazioak jarri asmo dituen puzgarriak, berriz, eguraldiagatik Beotibar pilotalekura lekualdatuko dituzte. Kasu honetan, eguerditik aurrera izango dira bertan, eta arratsalde osoan zehar izango dira erabilgarri.

Udalak gogorarazi nahi izan du baita ere, ostiral goizeko lehen ordutik ezingo dela Rondilla kalean eta San Frantzisko pasealekuaren lehen erdian –Gernikako Arbolaren parera arte– aparkatu. Nahiz eta aparkalekuak ezingo diren erabili, ostiralean zehar trafikoa baimenduko da kale horietan, baina abiadura motelean eta arretaz gidatzeko dei egin du Udaltzaingoak.

Larunbat goizean itxiko da Rondilla kaleko trafikoa, Musika Eskola paretik. Zumalakarregi kalean ere ezingo da aparkatu ostiraletik igandera, bi norabideko errepidea izango baita larunbatean eta igandean.

Jarduerak amaitu ahala, igande gauean aparkatzeko aukera izango da San Frantziskon eta Zumalakarregin; Rondilla kaleari dagokionez, astelehenean desmuntatze lanak amaitu ahala baimenduko da aparkalekua.

Erlazionatuak

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean