Europako Mugikortasun Astea ospatuko da irailaren 16tik 22ra. Urtero moduan, Tolosak ere bat egingo du hitzordu honekin, mugikortasun eredu jasangarriak sustatu asmoz. Nobedade handi batekin egingo ere: bi egunez Rondilla eta San Frantzisko oinezko gune izango baita.
Hain zuzen, irailaren 21ean eta 22an, ‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoa ospatuko da, eta ez da trafikorik izango bi kale horietan –Musika eskolaren paretik Gernikako Arbola lorategien parera arte.
Egitasmoa ez da trafikoa moztera bakarrik mugatuko, espazioaz gozatzeko kirolarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak antolatu baitira asteburu osoan zehar: saskibaloian jokatzeko kantxak, bizikletaren gainean edo patinekin trebetasuna lantzeko zirkuituak, kale-antzerkiak, kontzertua, bigarren eskuko bizikleta azoka, puzgarriak… Rondilla kalearen kasuan, espazioa atseginago egiteko oinezkoentzako eserlekuak jarri eta lorontziekin atonduko da. Eta behin ekitaldia pasata, herriko beste gune batzuetan finko utziko dira hor jarritakoak.
Rondilla kalea oinezko bihurtzea aho batez onartutako Tolosako Mugikortasun Planean jasotako egitasmoa da, eta gisa honetako egitasmoekin etorkizuneko asmo horien eragina neurtu ahal izango dela ere azpimarratu du alkateak: «Biharko egunean Rondilla kalea oinezkoentzako gune bihurtuko balitz, gisa honetako probek erakutsiko digute nola eragiten duen eta herriko zein beste puntutan jarri beharko dugun arreta antolamendua hobetzeko».
Aparkalekuak eta auzo eta garajeetarako sarbideak egun horietarako
‘Erdigunea autorik gabe’ egitasmoak aldaketak ekarriko ditu trafikoaren antolamenduan, eta auzo eta garaje batzuen sarbideari eta aparkalekuei eragingo die.
- Aparkalekuak: ostiral goizetik –espazioa egokitzeko lanak egiteko– astelehenera ezingo da aparkatu Rondilla kalearen bi aldeetan, Musika Eskolaren paretik aurrera, ezta San Frantzisko pasealekuan ere, Gernikako Arbola lorategien pareraino. Ostiralean, irailaren 20an, aparkatu ezingo bada ere, trafikoa ez da etengo. Behin ekitaldiak igarota, desmuntatze-lanak amaitu ahala aparkatzen joan ahal izango da.
- Rondilla kalea: Larunbat goizetik Musika Eskolaren parean moztuko da errepidea, eta Rondilla kalearen atzeko aldetik joan ahal izango dute ibilgailuek. Andia eta Inpernu kaleetako garajeetako erabiltzaileek, aldiz, Musika Eskolaren atzealdetik egin beharko dituzte sartu-irtenak egun horietan, Inauterietan bezala.
- Zumalakarregi: Bi norabideetakoa izango da trafikoa egun horietan. Ondorioz, ezingo da bertan aparkatu larunbat eta igandean. Trianguloa plazako garajeetako erabiltzaileek, Zumalakarregi pasealekutik Zubi Berri aldera irten beharko dute.
- Soldadu kalea: Trafikoarentzat zabalik izango da, San Juan kalean (Uzturre Zentroaren atzean) aparkatzen duten autoek eta Montezkue auzoko bizilagunek atera ahal izan dezaten. San Frantziskotik, ordea, ezingo dute joan: aurrera egin beharko dute, eta Zumalakarregi pasealekutik egingo da irteera.
- Garraio publikoa: Egun horietan, hiribusaren eta gainerako garraio zerbitzuen geltokiak lekuz aldatuko dira, eta Santa Klarako geltokira lekualdatuko dira.
Hiribusaren ibilbidean aldaketak
Mugikortasunarekin –garraio publikoarekin, zehatzago esateko– lotutako beste aldaketa bat izango dela aurreratu du Andu Martinez de Rituerto alkateak. Tolosako Hiribusaren ibilbidea aldatuko da datozen asteotan.
«Zerbitzua are tolosar gehiagorengana iristeko helburuarekin egingo dugu aldaketa. Aurrerago emango ditugu xehetasun guztiak. Hala ere, geltoki batzuetan aldaketak ekarriko ditu ibilbide berriak. Badira asteak aldaketa hori prestatzen hasi ginenetik: margoketa lanak, seinalizazioa, geltoki batzuen leku aldaketa… Lan horiek amaitu bezain pronto emango dugu ezagutzera ibilbide berria eta horrek ekarriko dituen zenbait aldaketa».
Mugikortasun asteko egitaraua:
Irailak 18, asteazkena
- 18:00, Gazte Topagunea
Ikasleen oinezko mugikortasunaren azterketaren aurkezpena
Irailak 20, ostirala
- Arratsaldean. Bizibira:
16:45ean martxaren hasiera, Ibarrako plazatik, Intujai taldearekin batera
Ondoren, Tolosako kaleak zeharkatuko ditu martxak
18:00, Zumardiaundia (*euriarekin, Zerkausian): festa, jolasak eta merienda
Irailak 21, larunbata
- 08:00-14:00. Tolosako Azoka
Zerkausiko postuak Trianguloan izango dira, Garagardo Azoka dela eta.
Euskal Herria plazako postuak San Frantzisko pasealekuan izango dira. - 09:00-14:00. Trianguloa
Bigarren eskuko bizikleta azoka, Gurpilgunearen eta Zumardiaren eskutik. - Arratsaldean zehar, San Frantzisko pasealekua
Kirol jarduerak: saskibaloi kantxak, Irristaka taldearekin patinaje jarduerak, bizikletan ibiltzeko aukera… - 17:00, Emakumeon plaza
Haur ikuskizuna: ‘Baserriko porrusalda’
Irailak 22, igandea
- Goizean eta arratsaldean zehar, San Frantzisko pasealekua
Kirol jarduerak: saskibaloi kantxak, patinajea, bizikletekin ibiltzeko oztopo zirkuitua. Jarduerarik ez dagoenean, ibiltzeko libre izango dira bi kaleak. - Egun osoan zehar, Rondilla kalea
Puzgarriak, Real Sociedad Fundazioaren eskutik - 12:30. Rondilla kalea
GU taldearen kontzertua - 17:30-19:00, kalez kale
Kamishibai ipuin kontalariak, Intujai taldearen eskutik