Tolosako Udalak San Joan jaien balorazioa egin du

Maider Navarro Alustiza 2024ko uzt. 5a, 10:55

Jai batzordearen bilera irekia izan zen asteartean, eta festa onak izan direla azpimarratu zen bertan. 9 ideia nagusitan laburbildu ziren festak.

Aurtengo festetan, gertakari larririk ez dela gertatu azpimarratu dute, lapurreta eta saltokiren batean eragindako kalteren bat salbu, baina hobetzekoak ere antzeman dituzte. Hauek dira azpimarratu dituzten bederatzi puntuak.

Parte hartzea oso altua

Jaiek izan duten parte hartzea oso altua izan dela azpimarratu du Tolosako Udalak, Kuadrilla Egunean eta San Joan eguneko eskopetarien alardean batez ere.

Zezen Suzkoa

Zezen Suzkoaren ordua aztertzeko ideia planteatu da, afal ondorenean asti gehiago izateko. Datorren urtera begira aztertuko dutela jakinarazi dute.

Kuadrilla eguna fintzeko hiru ideia

Nahiz eta eguna ongi joan, zenbait arazo identifikatu dituzte. Kuadrillaren txupinazoaren kasuan, suziria modu seguruagoan botatzeko neurriak hartzea. Bestetik, bazkariaren ondoren Euskal Herria plazara sartzen diren garbiketako ibilgailuen sarrera beste modu batera antolatzeko aukera aztertzea planteatu dute, kuadrillen kalejirarekin bat egin ez dezan. Azkenik, bazkarian sortzen den zaborra. Gutxitzeko zein neurri hartu baloratu nahi dute datorren urteko antolatzaileekin, nahiz eta kuadrilla bakoitzak ere ardura handiagoa hartu beharko lukeen zabor maila hauek ekiditeko. 

San Joan suaren ondorengo ikuskizuna

Aurtengo San Joan suko ikuskizuna, euriagatik, motzagoa izan da eta herritar askok begi onez ikusi dute, datorren urteko ikuskizunari begira laburragoa egiteko proposamena adieraziz. Aukera horren inguruan parte hartzen duten taldeekin hausnartuko dutela adierazi du Tolosako Udalak, nahiz eta aldaketarik egitekotan beharrezko ikusten den eragileen adostasuna izatea. 

Eskopetariak

Eskopetarien alardeetan jarritako neurri zorrotzen aurrean, parte hartzaileen jarrera ona azpimarratu du Udalak, kontrol guztiak ondo egin zirela eta ez zela gertakari negatiborik izan.

Garbiketa

Aurten garbiketa zerbitzua indartu badute ere, are gehiago indartu behar dela ondorioztatu du Udalak, batez ere Kuadrilla egunaren eta San Joan egunaren ondoren. Garbiketa enpresak berak aitortu zuen aurreikuspen guztiak gainditu zirela egun horietan, eta uste baino zailagoa izan zela beren lana. 

Kontzertuak

Kontzertuen kasuan, zenbait egunetan amaiera ordua aurreratu zen, horietako batean arratsaldera mugitu eta gauerako bakarra utziz.Herritarrek, aldaketa hau, begi onez ikusi dutela jakinarazi du Tolsoako Udalak. Hala eta guztiz ere, atsedenaren eta festaren arteko oreka hobea lortzeko bidea egiten jarraituko dutela adierazi dute.

Langileen lana

Brigadako langileak, kultura eta festetako teknikariak, udaltzainak, garbitzaileak… guztien lana nabarmendu nahi izan du Udalak, beraiei esker egon baita guztia behar bezela.

 

 

 

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean