San Joan egunean ‘Xaxu konfiterua’ abestiaren moldaketa berria estreinatuko da

Maider Navarro Alustiza 2024ko eka. 19a, 10:16

Jose Ignazio Ansorena Minerrek 1982an sortu zuen txisturako obra, Joxe Mari Gorrotxategi zenak eskatuta, eta bandarako moldatu dute Ansorenak berak eta Joxemari Oiartzabalek.

1982 urtean, Jose Ignazio Ansorena Minerrek zortziko eta biribilketa bat barnebiltzen zituen ‘Xaxu konfiterua’ obra sortu zuen, Joxe Mari Gorrotxategi gozogilea zenak hala eskatuta.

Tolosako Plaza Zaharrean, Gorrotxategi zegoen leku berean, aurrez ‘Xaxu’ ezizenez ezaguna zen konfiteruak (San Blas auzoko Sasoeta baserrian jaioa, hortik ezizena) zuen bere lantokia, eta hura omendu nahian egin zion enkargua Gorrotxategik Ansorenari. 

Tolosako Udal Txistulari Bandaren kasuan ohiko errepertorioan sarritan erabili izan dira. Orain, Joxe Mari Gorrotxategi hil zeneko bosgarren urteurrena aitzakiatzat hartuta, doinu horien moldaketa berria egin dute Jose Ignazio Ansorenak eta Joxemari Oiartzabalek, eta txistulari bandaz gain, musika banda ere gehitu dute partiturara.

Moldaketa hau Tolosan estrainatuko da, San Joan egunean eguerdian Tolosako bi bandek (Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Banda) Iruñeko Udal Txistulari Bandarekin batera Berdura plazan eskaini ohi duten kontzertuan. Emanaldia 13:00etan izango da.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean