Festak hasteko egun gutxi falta direlarik aurkeztu dute Tolosako Udalak eta herriko zenbait taldek aurtengo jaietako egitaraua. Egitarauak ohiko ekintzak jasotzen ditu: alardea, suak, kontzertuak, haurrentzako ikuskizun eta jolasak, kale animazioa, kirol ikuskizunak... Baita zenbait nobedade ere.
Aurtengo egitarauak hiru berrikuntza nagusi izango ditu:
- Hilaren 21ean, txupinazo egunean hain zuzen, zezen suzkoa izango da, nafarroako zubia eta Plaza Zaharra zeharkatuz 22:00etatik aurrera.
- Haurrei zuzendutako ikuskizuna izango da Kuadrilla egunean. 18:30ean, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen ikuskizuna izango da Alondegia plazan.
- San Joan jaiek estropadak berreskuratuko ditu. San Joan bezperan, TAKeko batelen arteko dasafioa izango da, eta TAKek emakumezkoen traineruaren aurkezpena egingo du segidan Triangulo plazan.
Txupinazoko egunean, Aiora Zulaika izango da protagonista, 25 urte baitaramatza Pirritx pailazoari bizia ematen eta berak botako du aurtengo txupina.
Ekainak 24ak, San Joan egunak emango die amaiera aurtengo jaiei. Egun honetan eskopetarien konpainia berria izango da aurten, Berazubi auzoarena. 80 parte hartzaile izango ditu taldeak eta Agustin Artola izango da kapitain. Loredun txaleko urdin iluna jantziko dute, kolore horia duen lazoarekin.
Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzak asko zorroztu du eskopetarien araudia. Testuinguru horretan, ardurarako deia luzatu dute eskopetarien konpainia guztietako kapitainek eta udalak. Itxaso Barrenetxeak, Aurrera elkarteko konpainiako arduradun eta aurtengo kapitain nagusiak, arau aldaketa eta bestelako gomendioak gogorarazi ditu baita ere.
Jai berdinzaleen aldeko aldarria ere egin du Tolosako Udalak, indarkeria matxistaren aurkako "Libre nonahi" kanpaina indartu du aurten, izan ere, ostalaritzari begirako protokolo bat landu du Berdintasun sailak Jai Berdinzaleen Behatokiak duen planarekin lerrokatuta.
Egitaraua ikusgai hemen.