Ane Elizegi Agirre tolosarraren kartelak iragarriko ditu 2024ko Sanjoanak

Maider Navarro Alustiza 2024ko mai. 24a, 12:38

Jai berdinzaleagoak lortzeko bidean, azken urteotan emakumeek herriko jaietan izan duten parte hartzeari egiten dio erreferentzia "Emakumeak bordon dantzari" kartelak.  Emakumeen parte hartzea indartzeko egin diren urratsen nolabaiteko aitortza egitea bilatu du egileak kartelarekin.

Iaz egin bezala, lehiaketa bitartez aukeratu da kartel irabazlea. 37 lan aurkeztu dira lehiaketara eta horien artean Ane Elizegi Agirreren ‘Emakumeak bordon dantzari’ deiturikoak jaso ditu boto gehien. Aurtengo bozketan, gainera, Kultura, Festak eta Gazteria Departamentuak izendatutako epaimahaiaren botoei Jai Batzordearena ere gehitu zaie.

Elizegik osatutako kartelak erreferentzia egiten dio, jai berdinzaleagoak lortzeko bidean, azken urteotan emakumeek Sanjoanetan izan duten parte hartzeari. Hala, Miren Nazabal Urruzola Udaberri Dantza Taldeko bordondantzaria da karteleko protagonista, eta bere irudiarekin batera, honako mezua irakur daiteke, bordondantzarien arkua irudikatuz: ‘Sei emakume Bordon dantzari aritu ziren estreinekoz 2013ko San Joan egunean. 2022an lehenbizikoz emakume bat izan zen dantzarien kapitain, Miren Nazabal Urruzola. Erreferente eta mugarri zarete, tradizioa eraldatu eta datozenei bidea irekitzeagatik’.

Kartela datorren astetik aurrera banatuko da herriko komertzio eta tabernetan. Kultur etxean ere eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Jaietako egitaraua, berriz, aurrerago aurkeztuko da.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean