Tolosako Udalak, UEMArekin elkarlanean errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du. Aurtengoan, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ‘Ogasunarekin euskaraz!’ kanpainaren osagarria izango da.
Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
⦁ Auto-likidazio proposamena. Dagoeneko ikusgai daude autolikidazio proposamenak eta uztailaren 1era bitarte izango dute herritarrek horiek onartzeko aukera. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
⦁ Mekanizatua. Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 16an hasi eta uztailaren 1ean amaituko da. Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke.
⦁ Internetez, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta aitorpena Internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek apirilaren 11tik uztailaren 1a bitarteko epea izango dute horretarako. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke. Beste modu batean egiten bada (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.
Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren urrats bat gehiago da, hain zuzen. Tolosan, esaterako, 2023an egin ziren 11.047 errenta aitorpenetatik (2022ko ekitaldikoak) ia %30 (3.188) euskaraz egin ziren.
Gipuzkoako datuei erreparatuz, halaber, orain artean 92.173 herritarrek eskatu dute Ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara izatea. Aurten eta, datozen urteei begira, helburua da herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatzea eta zifra hori, urtez urte, handitzen joatea.
Hori horrela, Tolosako Udalak euskararen aldeko keinu hau egitera gonbidatzen ditu herritarrak eta errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egiten die.