KRONIKA

Lan ona egitea ez da nahikoa liderrari irabazteko

Erredakzioa 2024ko api. 8a, 15:02

Lau jardunaldiren faltan seigarren postuan dago Tolosa Eskubaloia, gehienez ere koxka bat egingo du sailkapenean gora. Lehen itzulian izan zuen bolada txarrak gorako egoteko aukerarik gabe utzi du talde urdina, azken lehiatan lortutako emaitzek eta batik bat erakusten ari den jokoarekin denboraldia motz geratuko zaie tolosarrei. Larunbatean Zarautz liderraren aurka hortzak zorroztu arren azkenean bi goleko aldearekin (25-27) galdu zuten lehia Alex Nogus-en mutilek.

Lehenengo Nazional mailako 26. jardunaldiak Tolosa Eskubaloia eta Amenabar Zarautz jarri ditu aurrez aurre. Kostaldeko taldea ligako onenetakoa da, onena ez bada behintzat, denboraldi guztian zehar bi lehia bakarrik galdu ditu. Etxekoen kasuan, lehen itzulian taldeak izan zuen pattalaldiak baldintzatu du denboraldia, goiko taldeak urruti izanda, aurkari apalxeagoen artean ondoren sailkatzea da tolosarren asmoa.

Etxekoek galtzeko ezer ez zutenez, konfiantzaz ekin zioten lehiari. Zarautzek ate aurrean asmatu egiten zuen, baina tolosarrak kikildu ordez, eraso ordenatuak eginda lortzen zuten aurkariaren atera iristea. Markagailuan kanpoko taldea aurretik izan zen lehenengo zatian, baina etxekoak ez ziren partidutik atera, 25. minutuan 10 eta 12koa adierazten zuen markagailuak. Lastima lehen zatiko azken minutuetan jasotako 1 eta 4ko partziala.

Bigarren zatia, bost goleko desabantailarekin hasi bazuen ere, Tolosa Eskubaloia gerturatu zen markagailuan, 17-18koa edo hamar minuturen faltan izan zen 19 eta 20koa dira horren erakusle. Lehia amaitu bitartean aukera izan zen punturen bat urratzeko, azkenean ordea, Zarautz lider sendoak bi puntuak lortu zituen, azken emaitza 25 eta 27.

Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Tolosa Eskubaloia seigarren postuan dago sailkapenean, 28 puntu dauzka. Bigarren itzuli ona ari da egiten taldea, hamaika lehiatatik zazpi irabazi ditu eta lau bakarrik galdu. Lehen osoan garaipen kopuru berdina lortu zuen tolosak. Denboraldia amaitzeko falta den hilabetean taldeak hazten jarraitzeko aukera izango du.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean