Aste Santuaren atarian egin ohi duten emanaldia, berez, martxoaren 23an izango zen, baina egun horretan Korrika Tolosatik igaroko dela eta, astebete aurreratu dute saioa. Hortaz, larunbat honetan, martxoak 16, 18:30ean izango da kontzertua, Zerkausian. Saio berezia izango da, estreinaldiz jositakoa izango baita. Kontzertuan entzun ahal izango diren sei kantuetatik lau, lehen aldiz interpretatuko ditu Tolosako Udal Musika Bandak.
Musikagile ezagunen obrak interpretatuko ditu bandak. Henry Mancini izango da horietako bat. Bere kasuan, bere obra ezagunenez osatutako popurri bat izango da. Bestetik, Jacob de Haanen pop estiloko bost zatirekin osatutako kantu bat ere entzun ahal izango da. Azkenik, James Barnesen Eagle Bend kantua entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.