Paper Eskolara egindako bisitan, Jokin Bildarratz sailburua eta Jorge Arevalo sailburuordea Tolosaldea eta Don Bosco ikastetxeetako zuzendariekin elkartu dira, Iñaki Pakea eta Carlos Lizarbe. Elkarrekin aztertu dituzte Tolosaldeko egungo eta etorkizuneko prestakuntza-eskaintzari buruzko gai horiek guztiak, bai eta Tolosaldea LHIIn integratuko diren gune berri hauei esker eskaintza zabaltzeari buruzkoak ere.
Lanbide Heziketako ikastetxe honek 60 urte inguruko historia du Tolosan, eta paperaren industriak eskualde osoan izan duen indarraren ikur izan da. Gaur egun, Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren egituran barneratuta dihardu lanean. 2023-2024 ikasturtean 53 ikasle dituela, Kimika arloko bi heziketa-ziklo ematen ditu: Kimika Instalazioko erdi-mailako ziklo bat eta Industria Kimikako goi-mailako ziklo bat.
2024-2025 ikasturteari begira, Tolosako Paper Eskolak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu. Ikasturte berriarekin batera, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan sartuko da, eta titularitate-aldaketa horrekin, prestakuntza-eskaintza zabaltzen hasiko da, Jarduera Fisikoak eta Kirolak, Kimika eta Informatikan hain zuzen.
Aurrerago, halaber, Tolosan Gastronomiaren arloko prestakuntza-zikloak ezartzea ere aurreikusten da, bai sukaldaritzan, bai gozogintzan eta konfiterian, azken artisau-jarduera horiek herri honetan duten tradizio zabalari jarraipena emateko asmoz. Informatikaren esparrua ere indartuko da, arlo horretako espezializazio-ikastaroak ezarriz (Adimen Artifiziala; Zibersegurtasuna; Industria Adimendunak; eta 5.0 Konektibitatea).
Ikastetxe honetan Kimikaren familiako irakaskuntzak mantenduz eta indartuz (paperaren industriari zuzendurikoak), gaur egun eraikin honetan martxan dagoen LabPaper paperaren laborategiaren funtzionamendua ere bermatuko da.