EGUNERAKETA

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Tolosako osteopatia kontsulta batean sexu-erasoak egiteagatik bi salaketa jaso eta gero

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 29a

Tolosako Udalak, Tolosako Mugimendu Feministarekin batera, elkarretaratzea deitu du gaurko. 19:00etan izango da, Plaza Zaharrean

Tolosaldeko osteopatia-kontsultategi batean sexu-erasoak egiteagatik bi salaketa jaso eta gero gizon bat atxilotu zuela jakinarazi zuen Ertzaintzak atzo arratsaldean. Albistea zabaldu ondoren jakinarazi zion Ertzaintzak udalari gertakariak Tolosan bertan izan zirela.

Udalak berehalakoan jarri zuen martxan larrialdietako protokoloa, eta gaur goizeko lehen orduan Larrialdietako Mahaiaren urgentziazko bilera izan da, Berdintasun Saileko eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin, Mugimendu Feministako kideekin.

Tolosako Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin, modu irmoan gaitzetsi ditu bi sexu-erasoak. eta Tolosako Mugimendu Feministarekin batera elkarretaratzea deitu du gaurko. 19:00etan izango da, Plaza Zaharrean.

Bestalde, ertzaintzak jakinarazi duenez, biktima gehiago egon litezke, eta halakorik jasan duten emakumeei Tolosako ertzain-etxean salaketa jartzeko deia egin die. Halaber, Udalak erasoak jasan dituzten emakumeen eskura jarriko ditu baliabide guztiak, hala nahiko balute, doako laguntza psikologiko eta juridikoa eskainiz.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA