Azken unera arte mailari eusteko borrokan jarraituko du TAKEk, tolosarrek ez daukate amore emateko inongo intentziorik.
Horrelaxe erakutsi zuten bai larunbatean EBA Ligako 15. jardunaldiari zegokion lehian, Grupo de Santiago sailkapeneko bosgarrenari nagusitasunez irabazi zion Takek. Lehenengo laurdena 35 eta 9ko emaitzarekin amaitu zen, datu esanguratsua. Taldea garaipen gosez kantxaratu zen eta erasoan asmatuz partida ondo bideratu zuen. Bigarren laurdenean bide beretik jarraitu zuen lehiak eta atsedenaldira iristerako 34 puntu goitik zen Tolosako taldea, 55 eta 21ekoa adierazten zuen markagailuak.
Bigarren zatian abantailari eutsi behar izan zion Goar Artetxeren taldeak eta lan serioa eginez lortu zuen helburua. Hirugarren laurdeneko partziala 16 eta 19koa izan zen. Azken laurdena 70 eta 40koaren hasi zen, TAKEk 100 puntuko langa gainditzeko aukera izan zuen, azkenean helburu hori lortu ez bazuen ere, 99 - 64 amaitu zen lehia, lan bikaina egindako sentsazioarekin ziren taldekideak.
Salbazio postuak bi garaipenera
Hamabost partidatan lau garaipen lortura hamaikagarren postuan dago Tolosako taldea sailkapenean. Salbazioa emango lioken 10. tokia bi garaipenera dauka. Zarautz eta Easo dira orain arte 6 garaipen pilatu dituzten taldeak, bigarren itzuli honetan bien aurka Usabalen jokatuko du TAKEk. Lehia errazik ez dagoela jakitun, taldeak badaki salbaziorako bidea etxean irabaztetik hasten dela, denboraldia amaitu arteko partida guztiak izango dira interesgarriak.