Lauburuk, Pinseque hartuko du larunbatean (18:30ean) Belabietan, bigarren itzuliko lehenengo partiduan sailkapen taulan lau puntu gutxiago dituen aurkaria izango du. Sailkapenean dagoen parekotasuna ikusita, aurkari zuzenei irabaztaek bere biziko garrantzia du, azken hiru lehiak jarraian irabazi ondoren, berriz ere hiru puntuak pilatzeak, olatu gainean jarriko luke talde morea.
Saskibaloian, Redline Mekanika TAKEk ere larunbatean (17:30ean) jokatuko du. Grupo de Santiago taldea izango du aurrean Goar Artetxeren taldeak. EBA Ligan pasa den astean hasi dute bigarren itzulia, etxeko partiduak irabazi behar ditu taldeak mailari eusteko borrokan jarraitzeko. Lehen izulian Grupo de Santiagok nagusitasunez irabazi zion Takeri, larunbateko lehia ezberdina izango da.
Partidu hau bukatu ondoren (20:00etan) hasiko da Tolosa Eskubaloiaren eta Idupime Basauriren artekoa. Taldeak urriaren amaiera eta abenduaren hasiera bitartean izan zuen txakaldia gaindituta, azken lau partidak jarraian irabazi ditu. Sailkapenean saltotxo bat egiteko aukera izango du talde urdinak larunbatean taulako azkenari irabazten badio.
Orain artekoak estalpean ikusteko proposamenak, azkena berriz igande goizean (11:30ean) Tolosako kaleetan egingo dena. Ero etxe krosak 35. edizioa osatuko du aurten, berritasun modura kategoria bakoitzeko neska zein mutilek distantzia berdinak osatu beharko dituzte.