‘Herriak ez du barkatuko’ liburuaren aurkezpena

Maider Navarro Alustiza 2023ko abe. 4a, 13:57

Abenduaren 14an izango da saioa, 18:30ean Tolosako udaletxeko pleno aretoan

Azken urteotan, Tolosako Udalak udazkeneko zenbait data esanguratsu bizikidetzaz hitz egiteko eta sakontzeko baliatu izan ditu, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien adostasunari esker. Orain, abenduaren 10eko Nazioarteko Giza Eskubideen egunaren testuinguruan, ‘Bizikidetza sustatzen’ egitasmoaren barruan beste ekitaldi bat antolatu du.

Abenduaren 14an ‘Herriak ez du barkatuko’ liburua aurkeztuko du Irati Goikoetxea idazleak, indarkeriak azken hamarkadetan eragin duen sufrimenduaz mintzo da eleberria. Pertsonaiak norbere eta besteen minaz hitz egitera eramaten ditu egileak, bere hitzetan, "zaila delako mina erreparatzea, minari erreparatzen ez badiogu".

Irati Goikoetxea idazleak aurkeztuko du eta Maria Jauregi Lasa, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, elkarrizketatuko du bertan

Liburuaren nondik norakoen berri emateaz gain, idazle beasaindarrak Maria Jauregi Lasa, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba, elkarrizketatuko du. Elkarrizketa hori euskaraz izango da.

Liburuan jasotakoak, nahiz ondorengo elkarrizketak bizikidetza mahaiaren helburuekin bat egiten dute. Izan ere, mahai-kideak ere jabetzen dira herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak daudela, batzuk ezagunagoak, baina baita isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordetzen diren bizipen eta egoera isilagoak ere. 

"Errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez-aurre erakusten digu"

Horrez gain, bizikidetza mahaiko ordezkariek dioten moduan "bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek, eta egun ere urratzen direnak, eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez-aurre erakusten digu, eta bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatu, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak ireki eta gure gizartearen aniztasuna errespetatu behar dugu guztiok".

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean