Kiroldegiko gatazka

Kirol instalazioen kontratua deuseztatzeko eta lizitazio berria martxan jartzeko prozedurak onartu dira

Maider Navarro Alustiza 2023ko aza. 15a, 13:45

Emakidadunak 2022ko ustiapen kontuan aurkeztutako datuak ez onartzea ere erabaki du udalbatzak

Joan den ostiralean Andu Martinez de Rituerto alkateak iragarri moduan, kirol instalazioak kudeatzeko orain arte indarrean izan den kontratua deuseztatu eta lizitazio berria martxan jarri du Udalak. Atzo arratsaldeko ezohiko batzarrean onartu zituen udalbatzak bi erabakiak, EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJ eta PSEren abstentzioekin.

1. Tolosako Udalaren kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzua emateko kontratua suntsiarazteko jardunbideari hasiera ematea

Kontratuan jasotako datu ekonomikoak aldatzeagatik eta denbora luzez –eta etorkizunera begira ere, mugarik gabe– zerbitzua eman ez delako deuseztatuko du kontratua udalak. Hain zuzen, ezohiko batzarrean, 2022ko ustiapen kontuak ere ez onartzea ebatzi du udalbatzak, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin. 

EAJko ordezkari den Xarles Iturbek hitza hartzean, prozesu guzti honek sortze dien zihurgabetasunaz jardun da, etorkizuneko lizitazio publikoetan nola eragingo duen hain zuzen.

Joxe Mari Villanuevaren kasuan, PSE-EEko ordezkaria, pena eta sufrimendua izan ditu ardatz. Bere ustetan ez dela soluzio ona, baina geratzen den bakarra dela eta oraintxe, ELAk bakarrik ireki dezakeela kiroldegia adierazi du, eta ez badu irekitzen erabateko hondamendia izango dela.

2. Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu-kontratuaren lizitazioa presakotzat jotzea, kontratazio espedientea onartzea eta lizitazioari hasiera ematea

Kirol instalazioak kudeatzeko lizitazio berriari ere onespena eman diete udal ordezkariek, EH Bilduren aldeko botoekin; aldiz, EAJk eta PSEk abstentziora jo zuten. Presazko izaera izango du prozedura honek, eta berehala izango dira argitaratuta pleguak. 

Puntu honetan alkateak transiziozko zerbitzu-kontratu motz bat lehenetsi dela azaldu du eta Begoña Garmendia, Tolosako Udaleko idazkariak azaldu du, kontratu mota honen erabakia, beste emakida bat kalkulatzeko oinarri ekonomikorik ez zutelako izan dela. Modu horretara, zerbitzuak bermatu nahi dituela adierazi dute, etorkizuneko kudeaketa eredua definitzeko tartea izatearekin batera.

3. Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen emakida-kontratuan emakidadunak ustiapen kontuan aurkeztutako datuak ez onartzea

Emakidadunak 2022ko ustiapen kontuan aurkeztutako datuak ez onartzea ere erabaki du udalbatzak, EH Bildueta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Atzo ebatzitakoaren ondoren, beste fase bat abiatuko da, eta prozedurek aurrera egin ahala emango da informazio gehiago.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean