Larunbateko Tolosako Babarrunaren Festarako egitarau oparoa

Maialen Bastarrika Luengo 2023ko aza. 14a, 17:03

Datorren larunbatean, hilak 18, izango da Babarrunaren Festa; tolosarren azoka berezi ezagunenetako bat. Hitzordu garrantzitsua da, Tolosaren ikur nagusienetako bat baita perla beltza, nortasun eta paisaiaren zati garrantzitsu dena.

Egitarau zabala prestatu dute Tolosako Udalak, Eliker Zentroak, Tolosako Babarruna Elkarteak, Tolosako Babarrun Kofradiak eta Gure Kaiola elkarte gastronomikoak elkarlanean, besteak beste.

Hala aurkeztu dute prentsaurrean Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Azokak Saileko zinegotziak, Estitxu Sudupe Tolosako Babarrunaren ekoizle eta elkarteko lehendakariak, Armintz Gorrotxategi Tolosako Babarrun Kofradiko kideak eta Antxon Iglesias Gure Kaiola elkarte gastronomikoko lehendakariak.

Ekoizleen lana balioan jartzea da ospakizun honen helburu nagusia, festa gozatzearekin batera. Hori nabarmendu nahi izan du Aitor Agirresarobek bere hitzekin: “Kontsumo ohiturak azkar aldatuz doazen honetan, geroz eta beharrezkoagoa dugu gure kultura gastronomikoaren eta identitatearen parte den Tolosako babarruna, eta honekin batera dastatzen ditugun bertako produktuak aldarrikatzea eta etxe guztietan presentzia izan dezaten eragitea. Baina baita ere produktu horiek gure mahaietara iristea ahalbidetzen duten ekoizleen lana azpimarratzea eta euren lana balioan jartzea. Gozatu dezagun eguna festa giroan, mahaiaren bueltan, familian eta lagun artean, eta tartea utzi hausnarketari ere”. Euskal Jaia eta Babarrunaren Festaren uztarketa hori izango da, hain zuzen, azoka honen ezaugarririk bereizgarriena seguru aski; bi jaiek bat egingo baitute Tolosako kaleetan barrena.

Bi lehiaketa, azoka berezi bat

Babarruna bera da larunbateko festa herrikoiaren epizentro eta protagonista, eta haren bueltakoak izango dira egitarauko hitzordu nagusiak. Derrigorrezko geldialdia izango da perla beltzari eskainitako azoka berezia, 15 postuk osatuko dutena Trianguloan 9:00etatik 14:00etara.

Goizean zehar, bi lehiaketa egingo dira. Goizaldeko 6:30ean, Tolosako Babarrunaren 28. Ekoizleen Lehiaketak emango dio hasiera egunari, ordu horretan piztuko baitituzte suak ekoizleen lehiaketako babarrunak prestatzeaz arduratuko diren sukaldariek. Eskualdeko ekoizle ugarik parte hartu ohi du txapelketan, eta inguruko sukaldariek patroi bera jarraituz prestatuko dituzte babarrunak Triangulo Plazan.

Aurtengo ale onenaren ekoizlearen izen-abizenak 12:45ean emango ditu ezagutzera Tolosako Babarrunaren Kofradiako kidea den Miriam Arandia, Ilargi jatetxeko Mireia Carceller, Bailara jatetxeko Enrique Fleischmann eta gonbidatu batek osatutako epaimahaiak. Baina ekoizleena ez da egun honetako txapelketa bakarra izaten; izan ere, Gure Kaiola elkarteak antolatuta, Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren 35. edizioa egingo da. Aurten
San Frantzisko pasealekuan egingo da estreinakoz, Tolosako Babarrunik onenak zein bikotek kozinatuko ebatzi nahian.

Guztira 21 bikotek hartuko dute parte, eta 8:30ean hasiko dira babarrunak pixkanaka prestatzen. Ekoizleen Lehiaketako azken irabazlearen babarrunak sukaldatuko dituzte denek; Joxe Mari Aranbururenak, hain zuzen.

Epaimahaia AMAko Javi Rivero, Xare, Karela eta Talkako Gema Garmendia, Danon Txokoako Itxaso Calviño, Martinez Jatetxeko Xabier Martinez eta Tolosako Zentro Sozio Kulturaleko Iñaki Etxeberria sukaldariek osatuko dute, eta ebazpenaren berri 13:30ak aldera emango dute (ekoizleen lehiaketako sari banaketaren ondoren) San Frantzisko pasealekuan.

Babarrunaren aurtengo uzta dastatzeko aukera ere izango da, Babarrunaren Kofradiak dozenaka platertxo banatuko baititu eguerdiko 12:00etan Trianguloan. Ohikoa bihurtu den moduan, bazkalorduan, herriko elkarte eta tabernetan babarrun-jateak ere egingo dira.

Euskal Jaia euskal jantziekin janzteko deia

Jatekoaz gain, egun osoan zehar eta goizaldera arte musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango da, kultur talde ugariren eskutik. Besteak beste Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Udaberri dantza taldea, Kalean txaranga, Itzal musika taldea eta Jainekin txarangak jarriko diote erritmoa larunbateko festari. Euskal Jaia izanik, soinean euskal jantziak eramateko deia egiten dute jaiaren antolaketan aritu den Babarrunaren Kofradiak eta parte hartuko duten gainerako eragileek.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean