Proposatutako ideia guztien artean gogokoenak aukeratu beharko dituzte Tolosako herritarrek, aurrekontuaren zati bat proiektu horietara bideratu dadin. Izan ere, hau da Tolosako Udalak sortutako egitasmoaren helburua.
Udalak dioenaren arabera, aurten herritarren erabakiak pisu handiagoa hartuko du, batetik, aurrekontua milioi erdi bat eurotara handiagotu delako eta, bestetik, tolosarrek zuzenean erabakitzeko boterea izango dutelako.
"Aurreko urteetan udal gobernuari zegokion hautatzea hamar bozkatuenen artean aurrera eramango zena; oraingoan herritarrei protagonismo gehiago eman nahi izan diegu", adierazi du Mtz. de Rituertok
Prozesuaren nondik norakoak
Proposamenak eta ekarpenak irailaren 18tik aurrera egin daitezke eta urriaren 2a izango da azken eguna. Hau egiteko, herritarrek bi baldintza bete behar dituzte: Tolosan erroldatuta egotea eta 16 urtetik gorakoa izatea.
Ideia eta proiektu hauek telematikoki edo presentzialki aurkeztu daitezke. Lehena, aurrekontuak.tolosa.eus helbidean; bigarrena aldiz, etxe guztietara bidaliko den galdetegia bete, eta Udaten eta Kultur Etxean egongo diren hautesontzietan utziz.
Jasotako proposamen guztiak urrian zehar aztertuko ditu udalak. Bigarren fasera iristeko irizpidea ekonomikoki eta teknikoki bideragarria izatea da. Honek ia hilabeteko iraupena izango du, izan ere, urriaren 2tik 30era arte egingo baita.
Azkenik, urriaren 30an proposamenen berri emango du udalak eta informazio jardunaldia egingo dute 18:00etan Kultur Etxean. Bozketa fasea azaroaren 5ean abiatuko da.
Komunitate eta Gobernantza saileko zinegotzia den Josune Sanzek herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditu: "aurreko urteetan ideia mordoa jaso ziren, eta guztiak aberasgarriak dira elkarlanean gure herria hobetzen jarrai dezagun".